Irun Ekintzan Sariak martxoaren 5ean banatuko dituzte
Ficoban egingo duten sari-banaketan, Irungo enpresaren Ohorezko Saria, Proiektu Berritzailearen Saria eta Ideia Berritzailearen Saria banatuko dituzte.
2025eko Irun Ekintza Sarien gala. Irungo Udala Hamaika urte pasa dira lehenengoz Irun Ekintzan Sariak banatu zirenetik. Martxoaren 5ean 2026ko sariak banatuko dituzte, Irun berritu, Irun eraldatu, Hiri Ondarea lelopean. Egun horretan enpresa berritzaileek hitzordua izango dute Ficoban, eta hiriko enpresa eta eragile sozialei talentua, ahalegina eta gaitasun eraldatzailea aitortuko diete. Ekitaldian, hiru sari banatuko dira: Irungo enpresaren Ohorezko Saria, Proiektu Berritzailearen Saria eta Ideia Berritzailearen Saria. Azken saria, 4.000 euroko zuzkidura ekonomikoa duten ekintzaileei zuzenduta dago.
Sarien helburua berrikuntzaren kultura sustatzea eta hiriko enpresa-sarea modernizatzen laguntzea da. Honela, berrikuntza zeharka bultzatuko dute enpresaren esparru guztietan eta tokiko jarduera ekonomikoaren sektore guztietan. Irungo Udalak eraldaketa hori posible egiten duten pertsonak eta erakundeak nabarmendu nahi ditu. “Irun Ekintzan Sariak errekonozimendua baino askoz gehiago dira, izan ere, garatzen, egokitzen eta gidatzen den hiria eraikitzen jarraitzeko bultzada dira”, nabarmendu du Nuria Alzaga alkateordeak.
Aurtengo hamaikagarren edizioak hainbat arlotako adituak izango ditu epaimahai. Epaimahaiak hiru sariak banatzeaz arduratuko da. Batetik, Irungo enpresa berritzaileak ohorezko aitorpena jasoko du, eta bestetik, proeiktu berritzaileak 6.000 eurorainoko aholkularitza espezializatu eta indibidualizatua jasoko du.
Ekitaldian parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa izango da, 943 50 53 38 telefono zenbakira deituta edota irunon@irun.org helbidera mezua idatzita.

