Zer prezio du herriko ondareak?
Aparkaleku bat da egun Alameda, baina lehenago, herriko topaleku garrantzitsuenetarikoa izan zen. Balore handiko espazioa izanik ere, alde batera uztea erabaki du herriak.
Gaur egun aparkaleku soil batean bilakatu da Alameda. GARAZI AGIRRESAROBE Gaur egungo hondarribiarren zenbat aiton-amona edota guraso ezagutu ziren zumardian egiten ziren erromerietan? Datua ez dago eskuragarri, noski, baina egongo balitz, seguru aski ezusteko handia hartuko lukete hainbatek. Askok aparkaleku moduan ezagutu dute, gazteek bereziki, eta erreparo berezirik gabe ikusten dute, baina historia luzeko tokia da. “Hondarribian leku garrantzitsua izan da zumardia, dudarik gabe”, azaldu du Koldo Ortega historialariak. Harresiz inguraturiko herriaren sarreran kokatua, bisitariek ikusten zuten lehenetariko plaza zen zumardia.
Topagune izateko sortu zuten zumardia, hondarribiarrek bertan paseatzeko paraje polit bat edukitzeko, Alde Zaharraren ondoan, eta Bidasoa ibaiaren ertzean. Espazioaren lehen data dokumentatua 1784koa da. Bertan La Arboleda izenarekin agertzen da. 1784ko martxoan egindako udaletxeko batzar batean, gaur egun Gernikako Arbola moduan ezagutzen dugun belardian eta haren inguruan zeuden zuhaitzen lurra lautzea eta berdintzea erabaki zen, eta zuhaitz berriak landatzea. Baina herriko buruzagi militar Juan Albak gutun bat idatzi zion udalari, esanez hori egitekotan, bertako lurrak erregearenak zirela aitortu behar zutela. Udaletxeak, aldiz, haien lurrak zirela esanez erantzun zuen, eta hainbat tira bira ondoren, La Arboleda izenekoaren lurrak berdintzea eta bertan zuhaitzak landatzea lortu zuten. Badira ere dokumentatutako datuak esaten dutenak zumardiko zuhaitzak 1740. urtean landatu zirela.

Harresietatik 40 pausotara eta Santa Maria atetik 20 pausotara txertatu zuten zumardia, Santa Maria atearen eta pareko moilaren artean. Moila hori harresitutako herriaren kai nagusiaren parte zen, Puntalean kokatutakoa. 1609. urtean, Santa Engraziaren eta Santa Maria atearen artean harrizko moila eraikitzeko erabakia hartu zuten, Frantziarekin gerra hasteko beldurra bertan baitzegoen, eta horrela, itsasontziak hobe gordetzeko asmoarekin, Puntalean babes gutxi baitzuten. Moila 1638ko setioan suntsitu zuten frantsesek, baina 1656. urtean eraiki zuten berriro, San Felipe baluartearen (gaur egun, Kasino Zaharra) parean. Aldaketak izan zituen urte askotan zehar, baina bertan iraun zuen, padurak idortzen hasi ziren arte. XIX. mendean Hondarribiak garrantzia galdu zuen itsas komertzioan, eta herria harresietatik kanpo zabaltzen hasi zen.
Hondarribiak aldaketa asko jasan ditu harresietatik kanpo azken hiru mendeetan, baina zumardiak bertan jarraitzen du. La Arboleda izenez inauguratu zuten, eta gutxinaka Alameda izena bereganatu zuen. “Jendeak, hizkera arruntean Lameda deitzen zion, eta izen horrekin ezagutu da ere”, azaldu du Ortegak. Hasieran, zumarrak landatu zituzten bertan, haien arantzen bitartez abereak sartzea ekiditzen zutelako, bertara sartzen baitziren belarra jatera. Paretez inguratzea lortu zuten 1800. urtean. “Harresiak jasandako erasoengatik, harriak erori egin ziren, eta etxeak eraikitzeko ez ezik, zumardiko paretak egiteko ere erabili ziren. Horrek erakusten digu nolako balio historikoa duen leku honek. Ikaragarria da”, azaldu du historialariak.
XIX. mendean herritarrak bertaratzeko eta giro onean egoteko asmoarekin, udaletxeak hainbat hobekuntza egin zituen bertan. Juan Ignacio Errazkinek 1840. urtean bi harrizko eserleku egin zituen, eta 1546ean Manuel Rezolak Alamedaren eta parean dagoen lezoiaren artean dike bat eraiki zuen, gabarrek bide garbia izan zezaten bertara iristeko. Gabarren garrantzia ikaragarria izan da Hondarribian. Herrian zehar gauza handiak mugitzeko ezinbestekoak ziren, edozein etxebizitza egiterakoan behar ziren harriak, adibidez. Alamedara harriak Xixurko harrobitik eraman zituzten XIX. mende amaieran, eserlekuak egiteko eta 1880. urtean Alamedako pareta konpontzeko.
Herria eta baserria
Ortegaren ustez, zumardia Hondarribiko kaletarren eta baserritarren topaleku handia izan da, “eta hori garrantzian jarri beharreko zerbait da”. Baserritarrek haien azokak egiteko baliatzen zuten espazioa, haien baserrietan ereindako uzta bertan saltzeko, eta haien azienda bertan aurkezteko. “Hondarribia laia eta amua dira, baserritarrak eta arrantzaleak. Zumardian egiten zen herriaren eta baserritarren arteko lotura, eta itsasorako sarrera ondoan izanik, itsasontzien presentzia ere handia zen”, esan du Ortegak.
Eraikinik gabeko eremua izan da zumardia, eta Ortegaren ustez horrek ere “bakarra” egiten du Hondarribian. 1895. urtean eraiki zuten bertako lehen kioskoa. “Hasieran, kioskoa desmuntagarria egin zuten, eta ondoren, sei urteetara kaleratu zuen udaletxeak behin behineko kioskoa egiteko iragarkia”. Juan Jose Aginagak diseinatu zuen behin behinekoa. “Aginaga arkitekto handia izan zen. Berak egin zuen Hondarribiko zabaltzaren proiektua. Maila handiko elementua da ere kioskoa beraz, ikusita nork diseinatu zuen”, esan du Ortegak. Francisco Etxabek eraiki zuen 1901. urtean gaur egun zumardiaren erdigunea den estruktura.
Kioskoak helburu argia zuen: musikarien oholtza izatea. Hori izan baita zumardiaren erabilera handienetarikoa. “Zumardiaz hitz egiten dugunean, ezin dugu ahaztu inolaz ere ze garrantzia izan duen bertan musikak eta hein handi batean, gazteek. Parranda eta dantza leku handia izan da hau”. Herriko bandak hainbat eta hainbat kontzertu eman zituen igandero kioskoan, eta Hondarribitik ez ezik, inguruko herrietako jendea hurbiltzen zen. Horretarako, tranbia oinarrizkoa izan zen. Irun eta Hondarribia elkartzen zituen tranbia Alamedatik pasatzen zen, eta bertan zuen geltokia. “Irungo jende asko etortzen zen dantzatzera, eta ondoren, askotan, oinez itzuli behar ziren, denak ez ziren tranbian sartzen eta”.

Igandetan ez ezik, herriko egun handietan zumardian egiten ziren kontzertuak. Jaietan adibidez, bertan izaten ziren erromeriak, bandako kontzertuak eta baita zezen suzkoak ere. Herriko kulturgintzaren egoitza nagusienetarikoa bilakatu zen zumardia, eta herriko parrandaren erdigune bakarra. Bertsolariak eta txistulariak maiztasunez ikusten ziren bertan, eta herri kirolek ere bazuten haien plaza. Azken horren adibide nagusia bertan ikusi daitekeen probalekua da, gaur egun soilik irailaren 11n erabiltzen dena.
Musikak protagonismoa erabat galdu du zumardian, baina badira oraindik horri hein batean eutsi nahi diotenak. Egun, ekainean eta abuztuan bi egitasmo handi burutzen dira bertan, Olinpiaden azken eguna eta Gazte Eguna. Herriko gazteek bultzaturik, zumardiaren eta musikaren arteko harremana sendotzeko asmoa dute. Mugiri Kultur Elkartearen ekimenez egiten dira bi egun horiek, eta bertako kideek aitortu dute haien aiton amonek kontatuta, bazekitela espazioak herrian izan duen garrantzia, eta gutxienez bi egun horietan protagonismo hori itzuli nahi diotela. Hori sustatuz, kontzertuak izaten dira bi egun handi horietan, eta nork daki, agian zumardiak berriro ere sortu ditzake bikote berriak Hondarribian.
Zumardia izena 1979an jarri zitzaion. “Borroka handia izan zen garai hartan, herriko kaleei euskarazko izenak jartzeko, eta azkenean lortu zuten”. Bederatzi urte lehenago, aldiz, izen berria izan zuen: Alameda de Daniel Vazquez Diaz. Huelvan (Espainia) jaiotako margolaria izan zen Vazquez, eta hiru hilabeteko geldialdia egin zuen Hondarribian 1906. urtean, Parisera bidean zegoela. Hiru hilabete horietan Hondarribiaz maitemindu zen, eta hainbat margo egin zituen bertan. Urte hartatik aurrera, uda asko pasa zituen Arma Plazan zuen etxean, eta herriko paraje asko margotu zituen, horien artean zumardia. Hainbesteko garrantzia izan zuen herrian, 1950. urtean Francisco Sagartzazu alkatearen ekimenez herriko adopziozko seme izendatu zuten. 198. urtean izendatu zuten margolariaren izenarekin zumardia, Pedro Aginagalde alkatearen erabakia betez.
Ezkutatutako plaza
Urteak aurrera joan ahala, zumardiak bere garrantzia galdu zuen, eta gaur egun ikusten denean bilakatu da: aparkaleku batean. Kioskoak hor jarraitzen du, probalekua ere hor dago eta iturriak oraindik ere ederki funtzionatzen du. Baina bere izaera erabat galdu da. Orain, ez dago zumarrik bertan, platano arruntak dira zumardia estaltzen duten zuhaitzak. 86 zuhaitz daude, eta zaharrenak 1819koak dira. Baionatik ekarri zituzten, eta bertan landatu, orain arte. Zuhaitz horiek dira zumardiko bizitza irudikatzen duten elementu bakarrak, haiek baitira bizirik diardutenak. Kioskoa aldiz, geldirik dago, soilik urtean pare bat aldiz erabiltzen baita.
Zumardia biziberritzeko planak egin izan dira azken urteetan. Horren adibide da Santiago Noain eta Mikel Azkona arkitektoek 2011. urtean egindako plana. Bertan, espazioaren xedea berreskuratzea eta herriari irekitzea planteatzen zuen bikoteak, bertatik autoak kenduz eta helburu nagusia berreskuratuz: herriko jendeak disfrutatu dezakeen paraje bat eraikiz. Proiektuak ez zuen aurrera eraman, eta funtzionamendu berdinean darama eremuak azken hamarkadetan. Hondarribiko aparkaleku arazoaren irtenbidea bada zumardia, bertan ehunka kotxe izateko ahalmena badu eta, baina, ze prezioan? Ondarea alde batera uzteko erabakia hartu du herriak, eta konponbidea aurkitu arte, ezkutuan jarraituko du herriko plaza garrantzitsuenetariko batek.

