'Zanpantzarraren figura denboran zehar' erakusketa, Amaia KZn
1980tik aurrera Zanpantzarrak Irungo inauterietako irudi ikonikoa bihurtu dira, eta hilaren 29an egingo dute inaugurazio ekitaldia, 19:00etan.
Inauterietarako gutxi geratzen den honetan, Zanpantzarraren figura denboran zehar erakusketa aurkeztu dute. Inauterietako erakargarrietako bat Zanpantzarraren aurkezpena izan ohi da, eta aurtengo irudia Xabier Garate eta Ruben Platero artisauek egin dute. Inaugurazio ekitaldia datorren ostegunean izango da Amaia KZn, 19:00etan. Gaur egin dute aurkezpena, eta bertan izan dira Nuria Alzaga kulturako ordezkaria eta Jose Irigoyen Bidasoako Erraldoiak konpartsako presidentea.
Zanpantzarrak Irungo inauterien irudi ikonikoa bihurtu dira, eta 1980tik oso presente daude urtero.”Hiriaren memoria kolektiboaren parte da, eta erakusketari esker haren bilakaera ikus dezakegu”, adierazi du Alzagak. Erakusketa urte hauetan guztietan “kultur espresio” honi eutsi dioten guztiak omendu nahi izan dituzte: elkarteak, familiak, artisauak eta bolondresak. “Zanpartzarra gaurko haurrak eta atzoko Irun konektatzen duen sinboloa da”.
Erakusketan buruak, miniaturako erreplikak era bestelako materiala egongo da. Bestalde, bisita gidatuak eta haurrentzako jarduerak ere izango dira, hilaren 31n eta otsailaren 1ean, 6an, 7an eta 8an. Dantza tailerrak, pintura tailerrak, aurpegiak margotzeko tailerrak izango dira; goizez eta arratsaldez. Otsailaren 8an, Fabrikatu zure Zanpantzar etxean lehiaketako sari banaketa egingo dute 13:15etan, eta lehiaketan soilik 25 parte hartzaile onartuko dituzte. Bisita gidatuetan zein haurrentzako jardueretan parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa izango da, irunkultura@irun.org helbidera mezua idatziz, izen-abizenekin eta telefonoarekin.

