Zaldunbordako demandaren harira, auditoria independentea enkargatu du udalak
Auditoriaren bitartez, eta irizpide tekniko eta dokumentalen bidez, demandan argudiatutako kontzeptu ekonomikoen errealitatea eta trazabilitatea egiaztatu nahi dute.
Zaldunborda proiektuari lotutako erreklamazio judizialaren oinarri ekonomikoa egiaztatzeko eta interes publikoa babesteko udalak auditoretza independente bat enkargatu du. Higertoki eta Zaldunbordaberri sozietateek jarritako demandaren defentsarako osatuko du udalak auditoria.
Ia 14 milioiko demanda du Hondarribiko Udalak aurrean, eta auditoriaren bitartez, eta irizpide tekniko eta dokumentalen bidez, demandan argudiatutako kontzeptu ekonomikoen errealitatea eta trazabilitatea egiaztatu nahi dute. “Auditoretza fakturazioaren kontrastean, kontabilitate eta banku eragiketen koherentzia aztertzean, eta lotutako balizko eragiketen eta interes-gatazkako edo autokontratazioko egoeren analisian oinarrituko da, betiere ikuspegi tekniko hutsetik”, adierazi du udalak ohar bidez.
Oraingoz, ondoriorik ez
Igor Enparan alkatea gaiaz mintzatu da: “Hain eragin garrantzitsua izan dezakeen gai batean, gure betebeharra da ahalik eta arreta handienarekin jardutea: datuak egiaztatzea, trazabilitatea eskatzea eta ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartzea. Auditoretza hau beharrezko tresna da diru publikoa babesteko eta herritarrei bermeak eskaintzeko”.
Udalak adierazi nahi izan du prozedura abian dela eta, ez dela ondoriorik aurreratuko azterketa teknikoa egin arte, horrela babes judiziala eta alde guztien eskubideak errespetatzeko hautua hartuz. “Behin auditoretza enpresaren txosten teknikoa izanda, Udalak gardentasun osoz jokatuko du eta jasotako ondorioak herritarrei jakinaraziko zaizkie”.

