Sei traineru urteko lehen jaitsieran
Hibaika, Ama Guadalupekoa eta Illunbe Trintxerpek urteko lehen traineru jaitsieran ariko dira datorren igandean, hilak25, Portugaleten (Bizkaia).
Hondarribikoak atzo jaitsieran. Arkaitz Buron Traineru jaitsieren aroko lehena heldu da, San Nikolas Arraun Elkartearen eskutik, eta etxeko ontziak bertan arituko dira lehian. izan ere, Errenteria-Oreretako Hibaika Arraun elkarteko emakume eta gizon seniorren ontziak, Hondarribiko emakume eta gizon seniorren ontziak, eta Illunbe Trintxerpeko elkarteko beteranoen beste biak ere bart egin dute denboraldiaurreko lehen estropada kontsideratzen denarekin.
Erlojupekoa izango da Portugaleteko (Bizkaia) estropada, eta denera, 62 traineru ariko dira elkarri neurria hartzen.
Eguerdiko hamabietan hasiko da arraun erakustaldia, eta beteranoak izango dira lehiatzen lehenak erlojupeko horretan; 4.000 metro osatu beharko dituzte eta txanda horretan ariko dira Illunbe-Trintxerpeko bi ontziak. Hogei ontzi ariko dira kategoria horretan.
Emakumeen txanda helduko da ondoren; lehian, 12 ontzi eta tartean Hibaika eta Hondarribiko emakumeak; beteranoen distantzia bera osatu beharko dute emakumeek ere, 4.000 metro. Lekukoa Gazteek eta mistoek hartuko dute ondoren, bi ontzi baino ez dira kategoria horretan arituko igandeko testean. Azkenik, gizon seniorrak aterako dira; 5.500 metro egin beharko dituzte arraunean parte hartuko duten 28 ontziek eta tartean izango dira lehian Hibaika eta Hondarribiko eskifaiak.

