Kiroldegiko kuoten itzulketa proportzionala egitea eskatu du EAJk
Sutea gertatu zenetik sauna eremua erabilgarri ez badago ere kiroldegiko erabiltzaileek kuota osoa ordaintzen jarraitzen dutela salatu du alderdi jeltzaleak.
Hondartza Kiroldegiko sauna eremuan sutea izan zela urtea beteko da hilaren 31n, eta ordutik itxita dago zerbitzu hori. Sauna eremuarekin batera, hari lotutako beste zerbitzu batzuk daude itxita ordutik EAJk adierazi duenez. Horren harira, eskaera zehatza egin du alderdi horrek, mozioa aurkeztuta hurrengo osoko bilkuran aztertzeko. Kiroldegiko kuoten itzulketa proportzionala egitea da eskatuko duena: “Denbora honetan guztian, ehunka erabiltzailek kuotak osorik ordaintzen jarraitu dute, zerbitzu guztiak erabili ezin izan dituzten arren”.
Jeltzaleen hitzetan egoera “bidegabea” sortu du horrek herritarrentzat”.
Lanak ez direla oraindik hasi, eta halako egoera batean udalak aplikatu beharreko “premiazko prozedura” ere ez duelako martxan jarri kexu azaldu da, gainera, EAJ, “zerbitzu publiko bat osorik eskaintzen ez denean, udalak eragindako kaltea aitortu eta modu proportzionalean konpentsatzeko betebeharra du; justiziazkoa eta arduratsua da neurri hori”.
Itzulketa proportzionala egitea eskatuko du aurkeztu duen mozioaren bidez alderdi jeltzaleak, baina ez hori bakarrik, hilabeteko epean instalazioen egoeraren gaineko txosten zehatza, obrak egiteko “egikaritze egutegi argia” eta erabiltzaileei aplikatuko zaien konpentsazio ekonomikoaren formula aurkezteko ere eskatuko du. “Ez da soilik instalazio bat konpontzea. Urtebetez zerbitzu gutxiago jasota kuota bera ordaindu duten erabiltzaileak errespetatzea da kontua”, bukatu dute.

