Berdintasuna eta feminismoa aldarri, mehatxu eta gorroto mezuak salatzeko
Herritarrek Emakumeen Etxea eta haren jarduna babestu dute eta gogor salatu hari egindako mehatxuak. Bederatzi eragilek babestu dute elkarretaratzea.
Istillaga plazan egin zuten elkarretaratzea atzo.Elaia Iriarte Sarasola Indarkeria matxistari, mehatxu eta gorroto mezuei, berdintasunarekin eta feminismoarekin erantzun diote irundarrek. Elkarretaratzea egin zuten atzo hiriko 11 eragilek deituta Istillaga plazan, Irungo Emakumeen Etxearen parean, azken horrek posta elektroniko bidez jasotako mehatxuak eta gorroto mezuak arbuiatzeko. Deitzaileak, ondokoak: Irungo Emakumeen Etxea, Txingudiko Elkarte Feminista, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Gaurko Andreak, M8, Uxoa, Lumak Haize LGTBIQ+ Elkartea, Argoiak, Foro Ciudadano Irunes, Emakumea eta Zinea, eta Oiasso auzo elkarteen koordinadora.
Salaketa egitearekin batera, mezu argia bidali zieten erasotzaileei: lanean jarraituko dutela Irun berdinzaleago bat erdiesteko bidean, amore eman gabe; eraso bakoitzari, berdintasunetik eta feminismotik erantzungo diotela. Gizartean “onartezina” dela indarkeria matxista adierazi zuen Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak gertakarien harira: “Irungo Emakumeen Etxeak jaso duen eraso matxistaren aurrean, garrantzitsua da herritar guztiek ekintza horren aurkako gaitzespena adieraztea”. Halaber, Irungo emakume guztiak elkartasuna eta babesa adieraztera deitu zituzten, “baita genero indarkeriaren kontra borrokan ari garenoi ere”. Mezu argia: indarkeria matxista guztietatik aske izango den gizartea baten aldeko borroka “denona” dela.
Maria Luisa Garcia Barbero Irungo Emakumeen Etxea Elkarteko presidenteak gogor salatu du Emakumeen Etxearen kontrako eraso matxista elkarretaratzearen biharamunean. Posta elektroniko bidez bidalitako mehatxua emakumeen etxeko teknikari batek aurkitu zuela jakinarazi du: “Ertzaintzarenera jo eta salaketa egin zen, eta une horretatik bertatik erabaki zen emakumeen etxea zuhurtziagatik ixtea, bertan tailerretan ari ziren emakumeen segurtasuna ezin zelako bermatu. Neurri hori ez dugu partekatzen, baina ixtea erabaki zen”.
Hortik aurrera, erasoaren gaitzespena egin du Garciak: “Inongo mehatxuek ezingo dute etxea itxi ezta emakumeok gelditu ere”. Gertatutakoa zabaldu behar zela, jasotako mehatxuen gaineko informazioa eman behar zutela erabaki zutela gaineratu du, “adierazpena egin genuen lehenik Irungo Udalarekin batera, harekin kudeatzen baitu Irungo Emakumeen Etxea elkarteak espazio hori, eta gero gurea egin genuen irundarrak gertatutakoa salatzera deitzeko”.
Elkarretaratzeak jasotako erantzunarekin pozik azaldu da presidentea. “Jende dezente bertaratu zen gaitzespena erakutsi eta Emakumeen Etxeari babesa adieraztera, eta mezu argia bidali genuen, berdintasuna eta feminismoa aldarrikatuta. Irun berdinzaleago bat eta indarkeria matxistarik gabekoa lortzeko lanean ari gara; Irungo Emakumeen Etxearen kontrako erasoa, Irungo emakume guztien kontrako erasoa da, eta ez dugu gu geldiarazteko helburuz egindako mehatxurik edo erasorik onartuko”.

