'Kontsumitu bermearekin. Erosi Irunen' kanpainan izena emateko azken eguna hilaren 20a izango da
Otsailaren 10etik martxoaren 26ra bitartean, egitasmoaren parte diren dendetan txartelak banatuko dira bezeroen artean.
Irungo Udalak Hiri Bultzada eta Ekonomiako Arloarekin eta hiriko komertzioekin batera, Kontsumitu bermearekin. Erosi Irunen kanpaina egin du, eta bertan izena emateko epea urtarrilaren 20an amaituko da. Bigarren edizioaren helburua kontsumitzaileen eskubideak zeintzuk diren jakitea da tokiko merkataritzaren kontsumoa sustatzeko.
Kanpainarekin bat egingo duten saltokiek kanpainaren kit-a jasoko dute: promozioa azaltzen duen kartela, txartel formako inprimakiak lokalaren barruan jartzeko galderekin eta bezeroek haien galderak uzteko hautestontzia. Komertzioetan bezeroentzako 30, 40 eta 60 euroko txartelak banatuko dituzte otsailaren 10etik martxoaren 26ra.
Bezeroek txartelak dendan bertan bete beharko dituzte, kontsumitzaileen eskubide eta betebeharrekin lotutako galderak erantzun beharko dituzte. Epea behin amaituta, txartel guztiak bildu eta zozketa bat egingo dute 40 txartelen irabazleak hautatzeko. Horrez gain, Kontsumitzailearen Eskubideen Egunarekin bat eginez, martxoaren 15ean ekitaldi bat egingo dute saridunak iragartzeko.

