Irungo estazio berria martxan
Obren lehenengo fasea bukatuta dagoen arren, bidaiarien artean ezjakintasuna da nagusi. Obra uda amaierako guztiz amaituta egotea espero dute.
Irungo estazio berriaren trenbidea.Imanol Saiz Gomez de Segura Irungo estazio berriak eraikin berria du. Goiz eguzkitsua gaurkoa, eta jakin-mina da nagusi Irungo herritarren artean. Herritar asko geltoki berriaren inguruetara hurbildu dira obrak ikustera, eta bidaiariek nora joan ez dakite. Obra honek hiru fase ditu, eta lehenengo fasekoak bukatuta, bidaiariek bertan trena hartzeko aukera dute. Trenbidearen eremuan makinen burrunba besterik ez da entzuten, eta langileek lanean jarraitzen dute ingurua eraberritzen eta eraikinaren gelaxkak txukuntzen. Aurreikuspenen arabera obrak uda amaierarako amaituko dira erabat.
Estazio berriaren azken lanak egiten ari dira langileak, eta barrualdean garbitasuna antzematen da. Pantailak oraindik itzalita daude, eta adinekoen talde batek ez daki nora jo. Estaziora sartu bezain laster eskaileretan gora egin dute, Brinkola helmuga duen trena ateratzeko minutu gutxi falta baitira. ADIFeko langileen jarraipenei kasu eginez, bidaiariek txartela erosi eta trena hartzeko nasara jaitsi dira. Estazio berriaren inguruko zalantzak argitzen dihardute bi langilek egunotan.
Emakume bati txartela pasatzea ahaztu zaio, ez baititu inon geltokiko tornuak topatu. ADIFeko makinista trenetik jaitsi, eta emakumeari txartela pasatzen lagundu dio. “Ez ditut gauzak oso argi ikusten, ez zara txartela pasa gabe jaisten den lehenengoa”, adierazi du trenetik jaitsi den makinariak. Goiko pisura igo dira biak, eta igogailua hartzeko arazoak izan ditu emakumeak. Bigarren eguna den arren, eskailera mekanikoek eta igogailuek arazoak dituzte. “Nik aurreko estazioa nahiago nuen, mugikortasun aldetik erraztasun gehiago zituelako”, esan du emakumeak.
Honekin batera, Irungo estazio berria ikustera etorri den gazte batek ere hutsune ugari topatu ditu. “Seinaleak falta dira eta mugikortasunari dagokionez espero dut datozen hilabeteetan egoera hobetzea”. Kezkatuta dago. Haren ustez, erakin berria handia den arren, hotza da. Ikusteko dago hutsik dauden gelatan, bulegoez gain, zer jartzen duten. Irungo herritarrak, aldiz, sarbidearen inguruko zalantzak dituzten arren, itxaropentsu daude estazio berria mugarria izango baita herriarentzat eta Gipuzkoarentzat.
Maiztasun osoa errekuperatzea
Eraikinaren lehenengo fasea bukatuta egon arren, datozen asteetan lehengo zerbitzuaren %67a berreskuratuko dute. Donostiara doan emakumeak espero du hainbeste urtetan izandako “ordutegi kaxkarra” hobetzea. Oraingoz, norabide bakoitzean lau aldirietako zerbitzu berri sartuko dituzte lanegunetan.
10:38tan abiatzekoa da trena. Hurrengoa 45 minutu barru helduko denez, azken minutuan hamar bidaiari inguru sartu dira Brinkolako norabidea duen trenean. Aldirietako zerbitzuaren %100a berreskuratzea dute helburu. Hori lortzeko oraindik ere hilabeteak beharko dituzte langileek. Irungo herritarrek lehenengo egunetako zalantzak laster argitzea, eta estazioak normaltasuna berreskuratzea espero dute.

