Badoaz korrika 2026rantz
Eguberrietako ohitura dira jada herri lasterketak. Proba handiek jasotzen dituzten fokuetatik kanpo, aurrera doaz.
Eguberriak heltzear dira. Jana eta edana ez da faltako, seguru aski kopuru handiegietan. Badira Eguberriak horretarako gordetzen dituztenak, familiarekin eta lagunekin elkartu, eta jateko eta edateko. Baina badira ere kirola lehenesten dutenak, nahiz eta gero erretako kaloriak berreskuratu. Kirolari horiek sustatuta, Eguberrietako beste ohitura bat dira jada lasterketak, eta urte hasieran, urtarrileko malda azkar pasatzeko, badira beste hainbat.
Herri lasterketak dira, hein handi batean herriko jendeak haien bizilagunentzat antolatutakoak. Baina urteak aurrera doaz, eta korrika egitea geroz eta ohikoagoa da. Horregatik, lasterketak handitu egiten dira. Eskualdean dena Behobia-Donostia ez dela aldarrikatu nahi dute, gauza txikiagoen garrantzia nabarmenduz, azken finean, oinarri bera dutelako denek: korrika egitea, eta bitartean, ondo pasatzea. Gainera, Eguberrietan herrietako kaleak giroz beteak daude. Kanpoan bizi direnak etxera datoz, eta lagun arteko elkar aurkitzeak ohikoak izaten dira, non bestela, tabernetan, kalean. Herriko kaleak, udazkenean hutsak egon ondoren, bizitzaz betetzen dira, eta horren errudun handienetako bat lasterketak dira.
Oarsoaldean, Pasai Antxoko Gabonetako Krosa da lehen lasterketa, gaur (ostirala) bertan. Hurrengoak 31n dira, Oiartzunen goizez, eta arratsaldez Errenterian. Pasai Donibanen urtarrilaren 4an ateratzen dira korrika, Mitxintxola Mendi Lasterketan. Lezon lasai hasten dute urtea, eta otsailaren 22an egiten dute Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketa. Bidasoan, aldiz, Eguberrietan aritzen dira. Bihar (larunbata) Irungo Gabonetako Lasterketa egingo dute, eta Hondarribian urteko azken egunean, San Silbestrea. Otsailaren 22an, Lezoko lasterketarekin batera, Bidasoko Maratoi Erdia egiten dute.
Herri lasterketak izateak ez du esan nahi korrikalariek kirol maila txikia aurkituko dutenik bertan. Bi zatitan banatzen dira horrelako lasterketak. Alde batetik, badira haien urteko lasterketa bakar moduan ikusten dutenak, ongi pasatzera doazenak eta erlojuari begiratu gabe korrika egiten dutenak. Baina horiekin batera, normalki irteerako lehen lerroan maila altuko korrikalariak ikusten dira. Pasai Antxoko Gabonetako Krosean behin baino gehiagotan aritu da Xakib Laxgar, Irungo Gabonetako Lasterketa hiru aldiz irabazi du Pierre Urruty baionarrak, eta Claudia Behobide hondarribiarrak hainbatetan egin du korrika bere herriko San Silbestrean, besteak beste. Ertzetan dauden ikusleek argi dakite nork nahi duen bere denbora hobetu, eta nork nahi duen izerdi eta irribarre artean lagunekin edo familiarekin ondo pasa.
Herrietako lasterketak hobeto ezagutzeko, Pasai Antxoko Gabonetako Kroseko Edurne Jauregirekin, Hondarribiko San Silbestreko Juanan Garciarekin eta Oiartzungo Etxera Lasterketako Eneritz Arbelaitzekin elkartu da Hitza. Proba bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina era berean, berdintasun asko dituzte. Mediatikoki ez dira Behobia-Donostia edo Donostiako Maratoi Erdia, baina herritik sortuak dira, eta herritarrentzat Eguberrietako data garrantzitsuak dira. Batzuk txikiagoak, besteak handiagoak, batzuk luzeagoak, besteak motzagoak… Aniztasuna bada.
Gauean korrika
Antxotarrak Lasterkari Taldeak antolatzen du Gabonetako Antxoko Krosa. Pasai Antxoko erdigunea zeharkatzen duen proba da, Gure Zumardian hasiz, eta bertan amaituz. «Hainbat lekutara joaten gara lasterketak egitera, eta beti ikusi dugu nolako giroa sortzen den herrietan», azaldu du Jauregi Antxotarrak Lasterkari Taldeko kideak. Horregatik sortu zuten haien lasterketa, barrutiari giroa emateko, eta haien lehia propioa edukitzeko. Azken urteetan, Antxoko topoaren obrak direla eta, alde batera utzi zuten krosa, baina orain, lau urteren ondoren, hamabigarren edizioa egingo dute.

Ez da lasterketa handia, 250 pertsonentzako langa ezarri dute eta. Badira urteak non muga bete egin duten, eta badira urteak non gertu geratu diren. «Barruti txikia da gurea, eta ezin ditugu aurreikuspen handiegiak izan. Kopuru errealista da 250ekoa, eta hori mantentzen jarraituko dugu», azaldu du Jauregik. Aurten berri onak dituztela iragarri du, emakumeak inoiz baino gehiago izango baitira. «Gazte asko batu dira lasterketara, haietako asko ere emakumeak. Gainera, esan dezakegu oraingoz izena eman dutenen %40 antxotarrak direla», azaldu du korrika taldeko kideak.
Lau birakoa da Pasai Antxoko Krosa. Lehena motzena da, 400 metrokoa, eta ondoren, 1,8 kilometroko hiru bira eman behar dituzte korrikalariek. «20:30ean hasten da, eta beraz, gauez egiten den lasterketa da. Horrek xarma berezia ematen dio, jendea ordu horietan inguruko tabernetan egoten da eta», azaldu du Jauregik. Lasterketa txikia izan arren, Behobia-Donostiaren adineko lasterketa baten zerbitzuak eskaintzen dituztela adierazi du Jauregik. «Korrikalariak zaintzea beharrezkoa da. Jatekoa eta edatekoa ematen zaie, haien motxila gordetzeko lekua eta mediku zerbitzua behar izatekotan baita ere». Antolatzaileek argi dute beharrezko gauzak direla horiek, eta beraz, bermatu egin behar dituztela.
Baina zerbitzu horiek ez dira merkeak. «Kros bat antolatzea ez da erraza, eta batez ere, ez da merkea», azaldu du Jauregik. Gastuen artean, kirolariei ematen zaizkien janari eta edariak daude, baina baita ere ordaindu beharreko seguruak. «Erantzukizun zibilaren segurua eta osasun seguruak ordaindu behar ditugu, segurtasuna bermatzeko. Osasun zerbitzuak, hala nola, anbulantziak, beste gastu bat dira». Gastu horiei aurre egiteko korrikalariek inskripzioagatik ordaintzen dute, eta era berean, herriko hainbat komertziok bere aletxoa eman dute. «Guretzat oso garrantzitsua da herriko komertzio txikiak gure alboan edukitzea. Lasterketa herrikoia da hau, eta hori bera erakusten dugu». Eskerrak eman dizkie Jauregik babesle guztiei.
Geroz eta handiagoa
Lasterketa txikien garrantzia nabarmendu nahi izan du Jauregik: «Behobia-Donostia musikaren munduan BECeko kontzertu handi bat izango balitz, lasterketa herrikoiak areto txiki bateko emanaldi bat dira. Zaindu behar ditugu, denok izan dezagun gure herrian korrika egiteko aukera». Halere, badira lasterketa herrikoi txiki moduan hasi eta gaur egun dimentsio handiagoa hartu dutenak. Horren adibide argia da Hondarribiko San Silbestrea. «Aurten seguru aski gure errekorra gaindituko dugu, eta 2.300 pertsona izango ditugu korrika Hondarribiko kaleetatik. Hori da gure muga, eta oraingoz 2.000 pertsonek eman dute izena», azaldu du lasterketako antolatzaile Garciak. Gipuzkoako bigarren San Silbestre handiena da jada, Donostiakoaren atzetik, baina horrek ez du hasieran ezarritako xedea aldatu: lasterketa solidarioa da, eta horrela izaten jarraitu behar du.

Sportmundik antolatzen du lasterketa. 2000. urtean sortu zen, irabazi asmorik gabeko elkarte moduan. «Eliteko kirolariek sortu zuten, kirola eta solidaritatea uztartzeko asmoarekin. Harrezkeroztik hainbat kirol proba antolatu ditugu, denak izaera solidarioarekin», azaldu du Garciak. Jose Maria Olazabal, Izaskun Aranburu edota Aitor Etxaburu, izan ziren elkartearen sortzaileetako batzuk. Baina 25 urteetan, hainbat kirolarik osatu dute elkartea, hala nola Teresa Peralesek, Rafa Nadalek eta Antonio Corbalanek. Egun, Olazabal da presidentea. «Egitasmoak hemen ez ezik, kanpoan ere egin ditugu, Mallorcan eta Portugalen, adibidez». Baina Hondarribiko San Silbestrea data berezia da Sportmundirentzat.
Hamaseigarren aldiz egingo dute aurten lasterketa. «Herriko jendeak ikusmiran duen eguna izaten da. Aste batzuk lehenago jada jendea kalean ikusten duzu, korrika, lasterketa prestatzen, eta hori guretzat oso polita da», esan du Garciak. Arrakastatsua bilakatu da lasterketa, eta horren arrazoia zehazki zein den ez dakien arren, Sportmundiko kideak azaldu du berez lasterketa polita dela, lekua ere polita delako. Baina nabarmendu beharrekoa lasterketa elkartasunezkoa dela esan du Garciak: «Urtea bukatzeko egitasmo solidario bat herrian izatea polita da, eta nik uste hori badela jende askorentzako bultzada». Urtero elkarte bati bideratzen dio lasterketan ateratako dirua Sportmundik.
Aurten, Nagusilan izango da omendua lasterketarekin. Pertsona helduen bakardade ez hautatua jorratzen du Nagusilanek, eta horri eusteko finantzazioa bideratuko du Sportmundik. «Aurten ia 60.000 euro bideratu ditugu hainbat egitasmotara. Hurrengo urtean berdin jardungo dugu. Portugalen egindako golf txapelketako etekina Sudanen amatasun zentro bat eraikitzeko bideratuko dugu 2026an. Munduko gerra ahaztua da Sudangoa, non milaka pertsona hiltzen diren. Hor ere eskua sartzea baldin badugu, egingo dugu».
Kuadrillen eta familien arteko lehiakortasuna lasterketaren oinarri bat dela adierazi du antolatzaileak. «Lagunen eta ahaideen artean lehia sortzen da, eta horrek giro polita sortzen du. Jende asko ikusten dugu korrika, eta haietako batzuk denbora onenaren bila doazen arren, badira ondo pasatzera doazenak». 2.300 pertsonako muga jarri dute aurten, eta bi asteren faltan, dortsal denak salduko direla uste dute antolakuntzakoek. «Errealistak izan behar gara. Hondarribia ez da herri hain handia 2.300 pertsonako langa pasatzeko. Hori da gure muga». Lan handia dago antolaketaren atzean, eta buruhausteak ekiditeko, lasterketak duen egoera ona mantendu nahi dute.
Presoen aldekoa
Oiartzunen 31ko goizean (11:00) egiten dute Etxera lasterketa. «2012. urtean, sei preso politiko oiartzuar espetxean zeuden. Haiek bisitatzeko, 1.200 kilometro egin behar genituen, eta zifra horren inguruan sortu zen lasterketa egiteko ideia», azaldu du Eneritz Arbelaitzek. Etxera lasterketa Sarek antolatutako korrika lehia da, eta xedea preso politikoen dispertsioa irudikatzea eta haren aurkako aldarria egitea da. Egitasmo espontaneo bat bezala sortu zen, baina orain oiartzuarrek badakite urteko azken eguneko goizean badutela zer egin. Egun, preso politiko oiartzuarren egoera ezberdina da, eta espetxean jarraitzen duen bakarra Joanes Larretxea da. «Jada ez dugu dispertsiorik herrian, baina halere, euskal presoen egoera irudikatzeko aukera ederra da. Haien eskubideak aldarrikatu nahi ditugu, eta gogorarazi zer egoeratan bizi diren».

Oiartzungo hainbat auzotatik pasatzen da lasterketa. «Elizaldetik hasten gara, plazatik, eta hortik Ergoienera goaz, ondoren Altzibarrera, Iturriotzera, Ugaldetxora eta gero berriro gora», azaldu du Arbelaitzek. Sei kilometro eta erdiko ibilbidea da, eta baditu igoerak, «Oiartzunen ezinezkoa baita hori ekiditea». 320 dortsal prestatu dituzte, aurreko urtean zituzten 300ak saldu ondoren, batzuek ez zuten dortsala lortu eta. «Nabarmendu nahi dugu jendeak lehenagotik dortsalak erostea garrantzitsua dela, guk jakin behar dugulako zenbat izango garen egunean bertan, dena ongi prestatzeko». Lasterketa baino lehenago, 10:30ean, haurren txanda izango da. Zehazki haurren lasterketa egingo dute.
Urtarrileko manifestazioarekin bat egitea da haietako helburuetako bat. «Urteroko manifestaziorako beroketa moduko bat da Etxera lasterketa». Kutsu politikoa izan arren, lasterketa ofizial bat da, horrek dakarren ondorio guztiekin. «Saren militante aktiboak ez garenon aportazio txikia da hau. Gure alea jarri nahi dugu presoen alde, eta, gainera, herrian giro aparta sortzen da». Kuadrilla askok lasterketa ondoren otordua egiteko ohitura hartu dute, horrela, gaueko afariraino luzatuz.
Laburbilduz, Oarso Bidasoko Eguberriko lasterketek zerbait berezia pizten dute. Eguberrietako gogoak bultzatuta, herria berpiztu egiten da. Ez dira makro-ekitaldiak, ez dituzte telebistako ezta prentsako foku guztiak bereganatuko, eta seguru aski ez dira munduko korrikalari onenak hurbilduko, baina kaleak beteko dira. Korrikalariek, alboetako pertsonek eta antolatzaileek etorkizun luzea aurreikusten diete, seguru aski, gutxinaka, geroz eta handiagoak izanez.

