Iñigo Muguruza oroituko dute gaur, bere urtebetetzean
Kontzertuak izango dira gaur Itsas Etxean, musikari irundarraren omenean. Belek eta Matahk emango dituzte kontzertuak, eta Iñigoren Diszipuluek irekiko dute arratsaldea.
Gaur 61 urte beteko lituke Iñigo Muguruza musikariak. Bere omenean, kontzertu bat egingo dute gaur Itsas Etxean. Iaz, data berdinean, bere bira hasi zuen Fermin Muguruzak, Atabaleko kontzertuarekin. Aurten, Hondarribian egingo dute, Euskal Jaien barruan egingo den kontzertuan. Ferminekin batera biran egon diren Bele (Lide Hernando) eta Matah izango dira oholtza gainean. Gainera, Iñigoren Diszipuluek irekiko dute arratsaldea, 19:30ean. Ateak 19:00etan irekiko dira.
Udalak kontzertuaren berri eman du: “Fermin Muguruzaren 40. urteurreneko nazioarteko biran, Lide Hernandok (BELE) eta Matahk paper garrantzitsua jokatu zuten ikuskizunean, freskotasuna, estiloen kontrastea eta presentzia nabarmena eskainiz. Bi musikari horiek, gainera, indar eszenikoagatik eta publikoarekin konektatzeko gaitasunagatik nabarmendu ziren. Eszenatokian, Lide Hernandok, gitarrarekin zuen eklektizismoaz gain, soulean eta R&B-n sustraiak dituen ahots indartsua eskaini zuen, bere benetakotasunagatik publikoarekin konektatuz. Bere presentziak, gitarrista eta korista izatetik harago, ikuskizunaren hari gidari bihurtu zuen.Matahk, bere aldetik, rub-a-dub estiloaren nagusitasunarekin eta sound system esperientziarekin, kontzertugune bakoitzeko pista eta harmailak dardararazi zituen bere askapen erritmikoko uneak sartzen zituen bakoitzean. Reggae/dub eszenaren eta biraren magnitudearen arteko zubi bat ere ekarri zuen”.
Sarrerak Kutxabank bidez eros daitezke, online, baina baita ere leihatilan, 17:30eatik aurrera. Erosteko, egin klik hemen.

