Arbes-Oinaurre lotune osoa egiteko proiektua martxan
Trafiko fluxua bideratzea ekarriko duten lanen hitzarmena datorren urtean garatuko da, eta 2027ko amaieran hasiko dituzte obrak.
Arbes-Oinaurre lotune osoaren proiektuaren aurkezpena.Gipuzkoako Foru Aldundia Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Cristina Laborda alkateak AP-8 autobidean Arbes-Oinaurre lotune osoaren proiektua idazteko hitzarmenaren sinaduran parte hartu dute. Bidasoaldean mugikortasuna bultzatuko duen lotune erdi berria eraikiko dute Arbesen. Honekin, Behobiatik eta Behobiaranzko mugimenduak lotuko ditu, eta 2,1 kilometroko errepide bat egingo dute Oinaurren dagoen lotune erdia lotuko dituena.
Horrela, herrigunerako konexio berriak eskainiko dituen lotune oso bat gauzatuko da. “Hiri-mugikortasunean hobekuntza esanguratsuak egiteko bidea irekiko du, trafikoaren banaketa erraztuko du eta mugara eta Nafarroara egiten diren joan-etorrei erantzun eraginkorragoa ematea ahalbidetuko du”, adierazi du Mendozak. Aspalditik planteatutako behar bati erantzungo dio proiektu honek.
Aurreikuspenaren arabera, sinatu berri den hitzarmenak ahalbidetzen duen lizitazioaren ondoren, proiektua idazteko lanak 2026an egingo dira. 2027aren amaieran obrak hasi ahal izateko, urte eta erdiko eraikuntza-epea izan beharko dute. “Aurrerapauso bateratua da hiriak eskatzen duen eta oso beharrezkoa den soluzio baterantz”.
Azken Portun biribilgune berria
Hitzarmenaren izenpetzea Azken Portuko biribilgune berriaren proiektuari buruzko informazioa partekatzeko baliatu dute. Mendozak gogorarazi du proiektu hau eskualdeko mugikortasuna hobetzeko planaren barruan jardueretako bat dela. Oro har, 50 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du plan horrek.
N-638 eta GI-636 errepideetako sarbideetan eta Amute, Mendelu, Plaiaundi eta Azken Portu eremuetan jarduketak barne hartzen ditu. Aldundiaren asmoa da 2026aren hasieran obrak hasteko lizitazioa egitea, eta hori funtsezkoa izango da Arbes-Oinaurre lotune osoaren funtzionaltasuna eta gaitasuna indartzeko.

