Zabalik da zeinu-hizkuntza trebatzeko ikastaroaren izena ematea
Ikastaroaren helburua da zeinu-hizkuntzaren normalizazioan aurrera egitea eta gazteek gorren komunitatea ezagutzea.
Gazteria arloak, GazteARTEanek, jakinarazi du dagoneko zabalik dela zeinu hizkuntza trebatzeko ikastaroaren izena ematea. 1996 eta 2009 urteen artean jaiotako herritarrek hilaren 29ra arte egin ahal izango dute udalaren webgunean, eta doakoa izango da. Hogei plaza eskaini dituzte online izango den ikastarorako, eta hogei plazako langa hori gainditzen bada, zozketa bat egingo dute.
Ikastaro honek A1 eta A2 mailako zeinu-hizkuntza lantzea du helburu. Zeinu-hizkuntzaren normalizazioan aurrera egitea eta gazteek gorren komunitateak dituen kultura, gizarte eta interakzio ezaugarriez jabetzea nahi du. 140 orduko iraupena du, astean 10 orduz. Otsailaren 16an hasi eta maiatzaren 29ra arte iraungo du ikastaro honek.
Learning by doing eredu pedagogikoari jarraitzen dio ikastaroak. Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak, gizarte inklusiboago, kohesionatuago, trebatuago eta kontzientziatuago baten aldeko bultzada eman dutela azpimarratu du.

