Babes ofizialeko 887 etxebizitza eraikiko dituzte San Migel-Anaka eremuan
Otsailean hasiko dituzte obrak, eta 48 hilabeteren buruan 1.175 etxebizitza eraikiko dituzte San Migel-Anaka eremuan.
San Migel-Anaka urbanizazio obren aurkezpena udaletxean.Irungo Udala Irunviko Administrazio Kontseiluak San Migel-Anaka eremua urbanizatzeko lanak esleitzea onartu du, eta aurreikuspenen arabera, datorren urteko otsailean hasiko dituzte obrak. Etxebizitza parkearen garapenean 1.175 etxebizitza eraikiko dituzte, horietatik 887 babes ofizialekoak. Lanak egiteko epea 48 hilabetekoa izango da, Irunvik inoiz esleitutako urbanizazio obra nagusia. 27, 7 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta lanen arduraduna Moyua-Amenabar enpresa elkartea izango da.
Obra hauek kalitatezko etxebizitza publiko asko ekarriko du. Donostia kalean hasiko dira “Irunen etxebizitza publikoaren esparruan inoiz egin den operazio urbanistiko nagusia”. “Irundarrek beren bizi proiektua hirian bertan garatzen jarraitu ahal izateko baliabide posible guztiak jarri nahi ditugu”, hala adierazi du Cristina Laborda alkateak.
Etxebizitza berriak eraikitzeaz gain, bi auzoen arteko lotura berria eraikiko dute, eta ingurune kohesionatua sortuko dute. San Migel eta Anaka auzoen arteko loturek, oinezkoentzako espazio berriek, plazek, bizikleta-bideek, ekipamenduek, saltokiak eta etxebizitzek hiriaren mendebaldea eraldatuko dute. “Auzokideen arteko topaketa eta gizarte-kohesioa indartzea eta tokiko ekonomia bultzatzea ekarriko du, 1.000 familia egoiliar berri etorriko direlako”.
Auzorako ekipamendu publikoak eta aparkaleku berri bat ere egingo dute. Aldaketak izango dira Jaizkibel kalearen inguruan eta Letxunborro hiribidearen zati batean, eta oinezkoen pasabidea handituko dute. Azken batean, eraztun perimetral bat sortuko da, bi auzoak elkartuz. Donostia kalea hiribide zabala bihurtuko da, eta hainbat erabilerako eremu publikoak zein berdeguneak izango ditu.

