Ospitaleko pediatria larrialdiak irekitzea eskatu dute berriro
Maiatzean egindako manifestazioaz geroztik, ez dutela pediatria larrialdiak irekitzeko irtenbiderik jarri salatu dute.
Pasa den maiatzean Irunen manifestazio jendetsua egin zuten. Pasa den maiatzean pediatria larrialdiak itxi zituzten Bidasoko ospitalean. Ordutik, egoera berdin jarraitzen du. Bidasoko Pediatria Larrialdiak elkarteak udalari irmotasunez jarduteko eskatu dio zerbitzua berriz ireki dezan, eta abenduaren 19ko osoko bilkuraren harira mozio bat erregistratuko dute.
Salaketak ugariak izan dira azken hilabeteotan. Maiatzean mobilizazio jendetsua egin zuten Irunen, 12.000 pertsona bildu ziren. Honen aurrean, erakunde eskudunek ez dute benetako neurririk hartu, hitzak besterik ez dituztela jaso salatu dute.
Eskualdeko ospitalean bizi duten egoera sanitarioa larria da. “Ezin dugu onartu gurea bezalako eskualde batek ezinbesteko zerbitzu gabe jarraitzea, eta are gutxiago gure txikienen osasuna arriskuan jartzea. Egoera jasanezina da, eta premiazko neurriak behar dira”, adierazi dute.

