Maitane Arizti eta Amaia Sarasola, 40. Bordari Satarka lehiaketako garaileak
Urte berezia da aurtengoa, Euskal Jaien 100. urteurrenaren barnean egingo delako 40. Bordari Sataraka lehiaketaren sari banaketa.
Iazko sari banaketa. 2025, urteurrenen urtea. 100 urte Euskal Jaiak egin zirela, eta Bordari Satarkako 40. edizioa. Hondarribiko literatur erreferente handienetarikoa bilakatu da Bordari Satarka. Fernando Artola (Bordari) eta Klaudio Sagartzazu (Satarka) Hondarribiak emandako idazle esanguratsuenak izan ziren, eta haien omenez egiten da urtero lehiaketa. Bi kategoria daude: eleberri laburra (Bordari saria) eta olerkigintza (Satarka saria).
Aurten, Maitane Ariztik Inork ez nazala horrela ikusi, jainkoarren lanarekin bereganatu du Bordari saria eta Amaia Sarasolak Satarka saria, Izateak aurkeztuta. Bigarren postuetan, Bordari lehiaketan Leire Sarasola (Bazkalosteko kafeak) eta olerkigintzan, huts.
Urte berezia izan da aurtengoa. “Lehiaketa hau gure hizkuntzaren ispilu da. Berrogei urte hauetan bere bilakaera gorabeheratsua izan bada ere, aurrera darrai, eta hori gure hizkuntzaren bizi-indarraren seinale garbia da”, adierazi du Garoa Lekuona Euskara zinegotziak. Garai berrietara “egokitzeak” ibilbidea luzatzeko aukera ematen dio lehiaketari Lekuonaren ustez, aldi berean, “bere izatea galdu gabe”.
Epaimahaia Pello Otxotekok, Ainara Elizondok, Mikel Arruabarrenak eta Aritz Galarragak osatu dute. Orotara hamalau lan aurkeztu dira, baina azkenean hamahiru baloratu dituzte epaileek, batek beste lehia batean saria jaso baitu. Aurten, eleberrien barnean ez da Hondarribia saririk eman, eta olerkigintzan Josu Salegik jaso du, Bidasoaren agurrekoak lanari esker.
Antologia berria
Lekuona: “Euskarak sorkuntza-eremuetan duen bizitasuna nabarmena da, eta Bordari Satarka sariek grina hori piztu eta elikatzeko funtzio garrantzitsua betetzen dute”. Igandean egingo dute sari banaketa, 11:00etan Kultur Etxean. Ekitaldia jendearentzat irekia izango da, eta ez da soilik irabazleen aitorpena izango: lehiaketa bultzatu duten pertsona eta eragileei, urte hauetan guztietan epaile izan direnei eta saritutako autoreei ere aitortza egingo zaie.
Aurten, urte berezia izanik, udalak 2013 eta 2025 artean aurkeztutako lanen antologia argitaratuko du. Egindako azken bilduma 2013koa da. Lekuona: “Antologia berriak gure herriko literatur ondarea ezagutzeko eta zaintzeko aukera emango du; azken urteetako lan bikainak jaso eta balioan jartzeko tresna baliotsua izango da. Era berean, ipuin eta olerkiz osaturiko bilduma hau baliagarri zaigu baieztatzeko lehiaketak bere helburua hein handi batean lortu duela, euskal idazle berriak sortzea, alegia.”

