Done Pedro Arrantzaleen Kofradia, bi liburutan
Aurkeztu dituzte Bakarne Atxukarroren eta Izaskun Zubeldiaren liburuak, Itsas Etxean, herriko ikasleen aurrean.
Done Pedro Arrantzaleen Kofradiak gaur aurkeztu ditu Bakarne Atxukarroren ea Izaskun Zubialderen liburuak, Itsas Etxean, Talaiako, Ama Guadalupeko eta Egiluzeko ikasleen aurrean. Kofradiak adierazi du 1200 gazte bildu direla aurkezpenean, eta egitasmoaren xedea “itsasoa eta bere kulturaren eta arrantza-jarduerak mendeetan zehar Hondarribiari eman dizkion balioen inguruko ezagutza sustatzea” dela.
Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiaren ibilbidea jasotzen dute argitaratutako bi lanek. 1361. urtean sortu zen kofradia, eta 1361 Done Pedro, Hondarribia liburuak hori bera du ardatz. Bigarren argitalpena, Rufino Berrotarán y los peligros de la mar, XIX. mendeko haur hondarribiar baten esperientzia kontatzen duen haurrentzako ipuina da. Haurra 11 urterekin osabarekin (kofradiako kidea) itsasora atera zen eta bizia galtzeko zorian egon zen.
Ekitaldia Igor Enparan alkateak ireki du. Ondoren, hainbatek hartu dute hitza. Haien artean Norberto Emazabal Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiako eta Gipuzkoako Arrantzaleen Federazioko lehendakariak esan du lehendakari den aldetik, oso garrantzitsua dela beretzat etorkizuneko belaunaldiek jakitea eta ulertzea zein garrantzitsua den arrantza-sektorea nortasunean eta udalerrian, eta “gure ogibidea lan-aukera duin eta etorkizun oso interesgarrikoa dela berriro ikustea”.
Solidarioa
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak egitasmoaren esanahia nabarmendu du: “Liburu hauek Hondarribiko itsas kulturaren ondarea jasotzen dute, belaunaldien arteko loturak indartuz eta gure gazteei elkartasunaren, ausardiaren eta zaintzaren balioak helaraziz. Horien bidez, historia eta tradizioa bizirik mantenduko ditugu, eta etorkizuneko komunitatea indartuko dugu”. Topaketak gaurko itsasoko pertsonen eta euren etorkizuna osatuko duten belaunaldien arteko batasuna sinbolizatu nahi izan du.
Kofradiak egitasmoa Gipuzkoako ospitale onkologikoan dauden gazteei zabaldu nahi izan die. Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Familien Elkartearen laguntzari esker, argitalpenen aleak helarazi zaizkie ospitaleratutako gazteei, eta udalerriko itsas kultura hurbildu zaie. Gainera, bi liburuak Hondarribiko Done Pedro dendan egongo dira salgai eta bildutako diru guztia Aspanogi elkartearentzat izango da.

