'Al borde de una caricia', Ezinezkoa taldearen azken lana
Zazpi abestiz osatutako diskoaren aurkezpena Kabigorrin izango da abenduaren 20an, 19:30ean.
Irungo eta Pasaiako Ezinezkoa taldeak Al borde de una caricia lan berria aurkeztuko du Kabigorrin. Zazpi abesti ditu taldearen azken lanak, eta desioaren indarra, gauaren misterioak eta gizartearen zauriak jorratzen ditu. Aurkezpen kontzertua abenduaren 20an izango da, 19:30ean.
Intimitatea eta kolektibotasunaren gurutzaketatik sortu dute disko berria, eta soinu atmosferikoak eta hitz sakonak entzuteko aukera izango dute entzuleek. Ezinezkoak bere nortasun artistikoa berresten du, sentimenduaren eta gogoetaren arteko zubiak eraiki ditu. Taldearen esanetan, ez da disko soil bat, esperientzia bat da, gorputzez, bihotzez eta buruz bizitzeko.
Lan honetan taldekideak ez dira bakarrik egon, Sergio Patxuko Besarka taldeko kidearen kolaborazioa izan dute. Bere ekarpenak dimentsio liriko eta emozional berezia ematen dio diskoari.

