Uharte batean lan egiten egotearen sentsazioa
Bidasoko suhiltzaileak kezkatuta daude gaur egun lan egiteko duten GYMO sistema dela eta. Isolatuta daude, eta izugarrizko lan zama dutela sentitzen dute, irtenbidea noiz iritsiko zain.
Asier Goikoetxea Ezeiza Bidasoko parketxean.Imanol Saiz de Segura Aspalditik datorren kontua da Bidasoko suhiltzaileek bizi duten egoera, eta horren kexu da Asier Goikoetxea Ezeiza Bidasoko suhiltzaileen sarjentua. Gaur egun, bi zerbitzu daude Gipuzkoan: bata, aldundikoa, zortzi parketxez osatuta dagoena; eta bestea, Donostiako Udalekoa. Bereizketa horrek Bidasoko suhiltzaileak uharte batean uzten ditu, isolatuta. Gipuzkoako osotasuna lortzeko Donostia faltako litzateke. Hori dela eta, Bidasoko suhiltzaileek kezka dute.
Bidasoako suhiltzaileek Gipuzkoan interbentzio gehien egiten dutenak dira, iaz 1.000 inguru egin zituzten. Gainera, 137.000 biztanleri ematen die arta parketxeak, Bidasoko eta Oarsoaldeko herrietakoak. Kokapenari dagokionez, Ipar Euskal Herriaren ondoan daude, eta horrek ere zailtasunak dakartza.
Donostiako Udalaren eta aldundiaren arteko akordioa dela eta, Donostialdeko interbentzioak Donostiako suhiltzaileen esku daude. Gainera, Oarsoaldean edota Bidasoan gertatzen diren interbentzioak egitera ez dira automatikoki abiatuko haiek. Horrek Bidasokoen kezka areagotu du, eta izugarrizko lan zama sentitzen dute. «Oreretan sute bat gertatzen bada, nork azalduko die haiei sei minututara dagoen parkekoak ez direla bertaratuko, eta urrutiagoko suhiltzaileak etorri behar direla?», adierazi du Goikoetxeak. Donostiako suhiltzaileen ordez, Zarauztik edo Tolosatik etorri beharko lirateke Bidasokoak laguntzera, gertuen dauden parketxeak baitira. Kostako parketxea 21 kilometrotara dago; eta Tolosakoa, berriz, 35era.
Horrek ekarri du Tolosa, Zarautz eta Irungo parketxeek interbentzio horiek egitera joan behar izatea. Gainontzeko parketxeek Bidasokoen egoera ezagutzen dute, eta arazoa zuzenean jasaten ez badute ere, beste parketxeen suhiltzaileen babesa dute. «Lanera joateko ez daukagu arazorik, azkenean interbentzio horiek egitea gure lanaren parte da». Kezka dute interbentzio horiek egitera ateratzen diren bakoitzean, haien eskumeneko zonalderen batean suhiltzaileen presentzia behar bada, ezinezko izango dutela han egotea, jakinda Donostiakoak ez direla modu automatikoan aterako. Hor ikusten dute arazoa.
Sistemaren ahultasuna
Orain dela urte batzuk GYMO sistema ezarri zuten. Sistema horrek sarean lan egitea ahalbidetzen du; baina Donostiak saretze sistematik at dago. Aldundikoak, berriz, modu automatikoan parketxetik ateratzen dira beharra den guneetara. Interbentzioa zenbatekoa den ikertzen dute, eta horren arabera ateratzen dira. Interbentzio bakoitza sailkatu eta larritasun maila ematen dio sistema horrek, 0tik 4ra artekoa. 0 mailakoetan eremuko dotazio bakarra abiatzen da; 3. mailakoetan, berriz, hiru parketxeetako dotazioak abiatzen dira.
Azken batean, interbentzioetan gehien estimatzen dituzten elementuak denbora eta suhiltzaile kopurua dira. Bizitzak arriskuan daudenean, gertuen dagoen parketxekoek atera beharko liratekeela aldarrikatzen dute. Aldarrikapena zonaldeko udaletara eramateaz gain, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Gobernantza Batzordean egindako agerraldian ere helarazi dute. Aurreko astean bertan izan zen han Goikoetxea, eta alderdien erabateko babesa jaso zutela nabarmendu du.
Alderdiekin egindako bilerak eta bestelako agerraldiak presioa sortzeko bide izan dira. «Bakoitzak har ditzala norbere erantzukizuna. Zerbitzuaren ahuldade nagusia hori da, funtzionamendua. Sistema horrelakoa da, herritarrek uste dute suhiltzaileek logika baten barruan lan egiten dutela, baina ez da hala. Inoiz zerbait gertatzen bada zaila izango da herritarrei azaltzea», argi du Goikoetxeak.
Irtenbidearen zain
Irtenbidea ez da berehalakoa. Hala ere, agerraldien eta bileren ondorioz aurrerapausoak eman dituztela azaldu du. Donostiako Udalarekin egindako hitzarmen proposamenak mailakatu dituzte. Maila gorenean zerbitzu bakarra sortzea proposatzen dute, baina horrek konplexutasunak ditu. Bestelako hitzarmenak honakoak izango lirateke: zerbitzuak independenteak izan arren operatiboki elkarrekin lan egitea; eta irteerak automatikoak izatea. Azken horrek herritarrengan onurak izango lituzkeela uste du Goikoetxeak.
Ipar Euskal Herriko suhiltzaileekin ere harremana dute Irunen dagoen Bidasoko parkekoek, eta hilaren 17an beste aurrerapauso bat emango dute, haiekin sarea indartuko dutelako. «Senidetze gutuna sinatuko dugu, bide onetik goaz». Planteatzen duten irtenbidea ez da berria. Bizkaiko suhiltzaileekin ere hitzartuta dute elkarlanean lan egiteko sistema. «Gipuzkoarrak Bizkaiko zonalde batzuetara joan gara laguntzera, eta alderantziz. Hori hitzartuta dago, eta ez dago arazorik. Irtenbidea erraza da: Gipuzkoako suhiltzaileak saretzea. Logika hutsa da».

