Euskal Azoka, berritua eta iraulia
Abenduaren 13an egingo dute Hondarribiko Euskal Azoka. 31. edizioa izango da aurtengoa
Durangokoa ez da Euskal azoka bakarra. Famatuena, agian, baina ez bakarra. Hondarribin, 31. aldiz egingo dute aurten Euskal azoka, hori bai, euskal kulturaren kontsumitzaileek Durangoko ajea gainean dutela. Abenduaren 13an izango da aurtengo azoka, eta lehen aldiz, egun bakarrekoa izango da. Itsas Etxean egingo dute, euria egingo balu, bustitzeko arriskua ez izateko. “Azokaren eredua birplanteatu dugu. Lekua, iraupena, eta formatua bera aldatu ditugu”, azaldu du Garoa Lekuona Euskara zinegotziak.
Gobernu aldaketa egiterakoan, azokak birplanteamendu bat behar zuela erabaki zuten. Azken urteetan indarra galdu du, eta horri buelta ematekotan dabiltza. Liburu azoka moduan ezagutu da betidanik herrian, baina iaz, izena aldatu zioten Euskal Azoka bihurtuz. Horrela, orain, literaturaz gain, musikak adibidez badu bere lekua. Halere, izena aldatu ala ez, 31 urte betetzen dituen azoka da hurrengo astekoa, eta horrek jada, izen bat ematen dio. Baina gauzak ez dira soilik izenagatik mantentzen, beraz zaintza lana beharrezkoa da. “Aurten erabaki dugu azoka Itsas Etxean egingo dugula, betidanik San Pedro kalean egin den arren”, adierazi du Lekuonak. Abenduan ospatu izan da beti azoka, eta horrek eragin dezake eguraldi txarrak eguna izorratzea. Lehen asteburu osoko egitasmoa izaten zen. Iaz, adibidez, ostegunean egin zituzten lehen ekitaldiak, eta igande arte luzatu zuten.
Euskal Jaien barruan sartu dute Euskal Azoka. “Lore Jokoen xedea euskal kultura eta haren alor ezberdinak biziberritzea zen, eta horrenbestez, Euskal Jaiena baita ere. Euskal kulturaren erakusleiho handienetako bat da literatura, eta horri eman nahi diogu garrantzia gurean”, azaldu du Ander Moron Euskara teknikariak. Anton Abadiak antolatutako Lore Jokoetan, literatura lehiaketak egiten ziren herriz herri. Halere, batzuetan lehiaketek ez zuten ibilbide handirik, hain zen maila baxua aurkeztutako lanetan, eten egiten zirela. Udaletik, euskal kulturaren arlo guztiak eutsi nahi izan dituzte Euskal Jaien barnean, eta Euskal Azokarekin literatura ederki jorratuko dute. Baina ez da literaturaren inguruan egindako egitasmo bakarra izango. Hurrengo egunean, abenduaren 14an, Bordari Satarka literatur lehiaketaren 40. edizioa egingo dute.
Lekuonaren ustez, euskararen aldeko jarreran erabaki ezberdinak hartu ditzake euskaraz bizitzeko hautua hartu duen pertsonak.”Batzuek ezagutza aukeratzen dute, beste batzuek erabilera, irakurketa, entzutea… askotarikoak dira. Baina uste dut denak direla euskararentzat lagungarriak”. Horrela, euskal kulturaren sortzaileen produktuak erostea lagungarria izan daiteke euskal kulturari, eta era berean, euskarari bultzadatxo bat emateko. Hamabi argitaletxe izango dira azokan, eta aurten, haiei zuzenean erosteko aukera izango du bertaratzen denak. “Aurten saiakera hori egin eta lortu dugu. Argitaletxeak bertan izango ditugu, haien liburuak saltzen”, adierazi du Lekuonak. Zinegotziak azaldu du argitaletxe txikiak prest agertu direla lehen momentutik, eta zailagoa izan dela handiak erakartzea. “Halere, Irungo Elkar liburu denda gurean edukiko dugu, beraz hor genuen hutsune hori bete egin dugu”. Argitaletxeez gain, hiru kultur eragile izango dira bertan: 24. Korrika – Bidasoko AEK, Arma Plaza fundazioa eta Oarso Bidasoko HITZA.
Horrela, azokan liburu eskaintza zabala izango dela iragarri dute. “Gaur egun pil pilean dauden idazleen lanak bertan izango ditugu”, esan du Lekuonak. Gabonetako opariak erosteko garai paregabea da oraingoa, nahiz eta askok Durangon hustuko duten haien diru zorroa. “Nahiko genuke euskarazko edukiek urtean zehar kontsumo altua edukitzea, baina behintzat badugu aukera Gabonen aurretik horrelako gauzak edukitzeko. Garrantzitsua iruditzen zait euskarazko liburu bat oparitzeko aukera bertan izatea”. Moronek gehitu du haien helburua ez dela kontsumismoa sustatzea, baizik eta kontsumitzerakoan, euskarazko edukiak aukeran edukitzea. “Aurten ikastetxeetan katalogoak banatu ditugu, gazteek ikusi dezaten zer egongo den azokan. Horrela, gazteak pixkanaka horrelako gauzetara bideratzen ditugu”, esan du Moronek.
Baina liburu salmentaz gain, azoka haratago doa. Euskal Jaien barneko ekitaldia denez, Anton Abadiak bere protagonismoa edukiko du, besteak beste. Hiru mahai inguru antolatu dituzte, azoka funtzionamenduan dagoen bitartean egiteko. “Ez dira mahai inguru sakon edo akademikoak izango”, ohartarazi du Moronek, baina adierazi du gai interesgarriak jorratuko direla. Mahai ingurua 11:00etan egingo da, eta hiru partaide izango dira bertan: Koldo Ortega, Harkaitz Cano eta Antxoka Agirre. Ortega Euskal Jaietaz arituko da. “Euskal Jaien kokatze lana egingo du Koldok, sakonago aztertuz zer izan diren Euskal Jaiak eta zer nolako ibilbidea izan duten”, azaldu du teknikariak. Herrian hainbat ikerketa egindakoa da Ortega, eta haietako bat Euskal Jaien inguruan egin du.
Harkaitz Cano Anton Abadiaz mintzatuko da. Iñigo Sagarzazuk egindako ikerketa izango du oinarri. “Sagarzazu zoritxarrez ja ez dago gure artean, baina haren familiak bere ikerketari garrantzia ematen jarraitzeko hautua egin du. Aurten euskaratu da bere liburua”, esan du Moronek. Abadia ezagutzera eramateko hiru ekintza egin dituzte Euskal Jaien barnean: antzerki bat, Abadaia gaztelura bisita bat eta azokako mahai ingurua. Hori bera izango da Canoren xedea: Abadia ezagutzera eramatea. “Frantziako esfera gorenetan ibilitako pertsona izan zen Abadia, eta jakin nahi dugu zergatik egin zion keinu hura euskarari”. Horretarako, Sagarzazuren lana ezinbestekoa izango da Canorentzat. Azkenik, Agirrek bertsolaritza izango du ardatz. “Agirrek dio Lore Jokoak gaur egungo bertsolaritzaren sorrera izan zirela. Horren ikerketa sakona egindakoa da, eta hortaz hitz egingo du azokan”.
Mahai inguruak ez ezik, iragarri dute ordu erdiro liburu aurkezpen bat izango dela. Herriko hainbat idazlek aurkeztuko dituzte haien liburuak. “Lehen bi aurkezpenak mahai inguruen ondoren izango dira, eta herriko erraldoiak izango dituzte oinarri”, azaldu du Lekuonak. 12:30ean Ane Zubeldiak eta Irantzu Barrondok Erraldoi Bizi-Biziak aurkeztuko dute, eta ondoren, 13:00etan Gorka Bereziartuak eta Adur Larreak Abentura erraldoia. 14:00etatik 16:00etara azoka itxi egingo da, eta irekitzerakoan, 16:15ean, Garbiñe Ubedak eta Garlukek hartuko dute hitza, Maurizia. Biziminaren hotsa komikia aurkezteko.
Hortik aurrera: 2025eko Hatsaren poesia (Ainara Maia eta Auxtin Zamora), Ni laiko (Markos Zapirain), Zahartzaroaren maparen bila (Arantxa Urretabizkaia), Zapalduon pedagogia edo nola libre haiz, hezi, bizi (Ane Ablanedo), Masusta-erreximenta abertzale baten bizipenak (Ekaitz Bergaretxe), Euskara eta biok jalgi hadi mundura (Andrea Bella), Jaiotzetik Erreboltari (Matxalen Bezoz) eta Mendiak ogibide (Bingen Amadoz).

