Kiroldegiaren egoera okerrera doala salatu du EAJk
Egoera txarra Abotsanitzen erantzukizuna dela adierazi du EAJk. Horren aurrean, jarraitzeko puntu batzuk proposatu dituzte jeltzaleek.
EAJren ustez, Kiroldegiaren egoera okerrera doa Abotsanitzen kudeaketarekin. “30 hilabete eman dituzte udal gobernuan, eta aurrera egin beharrean, kiroldegia okerrera doa. Aitzakiek jada ez dute balio”, esan dute jeltzaleek. Adierazi dute haien ustez kiroldegia ez dela lehentasun bat izan Abotsanitzentzat, oposizioan zeudenean “arma politiko iraunkor” bihurtu arren. “Gaur egun, ia bi urte eta erdi gobernuan egon ondoren, zarata hura guztia isiltasun eta konponbiderik eza bihurtu da”.
Kiroldegiko kafetegia 2024ko maiatzean itxi zuten, eta sauna aurten, urte hasieran. “Gainera, instalazioen narriadura geldiarazteko beharrezko inbertsioak ez dira egiten ari, ikastaroen prezioak nabarmen igo dira eta kuota berak kobratzen jarraitzen da, herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuak txikiagoak diren bitartean”, esan du EAJk. Jeltzaleek adierazi dute EAJren gobernuak sauna eta spa guneak berritzeko proiektu bat prest utzi zutela, eta ez dutela ulertzen zergatik ez den proiektu hori eguneratu eta martxan jarri.
Abotsanitzen lanketen aurrean ezjakintasun osoa dutela adierazi dute jeltzaleek ohar bidez: “Ia 30 hilabete hauetan ez da bilera bakar bat ere egin kiroldegiaren etorkizuneko kudeaketa nolakoa izango den aztertzeko. Ez dakigu zer plegu lantzen ari diren (lantzen ari badira), zein puntutan dauden edo zein asmo duen gobernuak Hondartza kiroldegiarekin”. Horrez gain, jatetxearen eta tabernaren inguruan informazio eza dutela esan dute.
Abotsanitzen kudeaketaren aurrean, Hondartza kiroldegia benetako lehentasun bihurtzea eskatu dute EAJtik. Horretarako, hurrengo puntuak jarraitzea eskatu diote udal gobernuari:
-
Gobernuak kiroldegirako bere ibilbide-orria zehaztu eta publiko egin dezala.
-
Informazio hori gainontzeko udal taldeekin parteka dezala, gardentasuna bermatuz.
-
Zerbitzua lehenbailehen lizitatu ahal izateko plegu teknikoen idazketa bultza dezala. Badago EAJ-PNVk egindako aurretiazko lan bat, kiroldegiaren kudeaketarako plegu-proposamen batekin. Ez da hutsetik hasi behar.
-
Eta etorkizuneko kudeaketarako lehiaketa lehenbailehen lizitaziora atera dezala, atzerapen gehiagorik gabe.

