EAEko ardo karta onena Alamedan dago
Alameda jatetxeak Ardoka saria bereganatu du. Eusko Jaurlaritzak sustatutako lehiaketak euskal ardoaren, txakolinaren eta sagardoaren garrantzia nabarmentzea du helburu.
Stefan Rosales sari banaketan, Alameda jatetxearen izenean. Ardoka saria irabazi du Alameda jatetxeak. Lehen aldiz egin den sari banaketan, bataz besteko 55 euro baino gehiagoko kontuaren kategorian irabazi du Hondarribiko jatetxeak. Gasteizen ospatu zen sari banaketa, eta bigarren postuan Arzak jatetxea sailkatu zen. Eusko Jaurlaritzak sustatutako lehiaketa da Ardoka, Hazi fundazioarekin batera.
Lehiaketan parte hartzeko, hiru gutxieneko bete behar ditu jatetxe bakoitzak: Gipuzkoako, Bizkaiko edo Arabako jatetxea izatea, ardo karta bat izatea eta bertan gutxienez Arabako Errioxako jatorrizko izendapena duen ardo bat, jatorrizko izendapena duen txakolin bat eta Euskal Sagardoa izendapena duen sagardo bat edukitzea. Lehiaketan bi kategoria daude: bataz besteko kontua 55 euro baino gutxiago dutenak, eta 55 euro baino gehiagokoak.
Alameda jatetxeak poztasun handiz jaso du saria. Sare sozialen bidez adierazi zuten haien apustua inguruko ardoak eskaintzea dela, eta 1000 ardo ezberdinetatik %40 euskal lurraldeetakoak direla. Stefan Rosales sommelierrak jaso zuen saria Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren eskutik.

