Aparkalekuaren arazoari konponbidea eman nahi dio udal gobernuak
Aparkalekuak arautzeko ordenantza berria egiteko prozesua jarri du martxan Hondarribiko Udalak. Zonifikazio proposamen batekin hasiko dira lanean.
Zumardiko aparkalekua Aparkalekuen ordenantza berria egiteari ekin dio Hondarribiko Udalak, Mugikortasun Mahaian hartutako erabakiak aintzat hartuta. “Aparkalekua arautzea jada ez da aukera bat, ezinbesteko tresna bat da gure herriko kaleetako bizikidetza hobetzeko. Arazo argia da, eta arazoen aurrean ezin dugu beste alde batera begiratu”, adierazi du Igor Enparan alkateak. Herritarrentzako eta bisitarientzako herri hobe baten planteamendua hizpidera ekarri du alkateak, argi utziz aparkalekuen arazoak berebiziko garrantzia duela Hondarribiko Udalarentzat. Alkatearen ustez, herritarrek izan behar dute lehentasuna aparkalekuekiko, eta hiriaren errealitatera eta herritarren eguneroko beharretara egokituz eraiki behar da ordenantza berria.
Ordenantza berriari hasiera emateko, azterketa “sakona” burutu du udalak. “Ditugun aparkaleku kopuruen eta herriko autoen arteko harremana aztertu dugu, bai uda garaian, bai neguan, bai gauez eta baita ere egunez”, esan du Enparanek. 2019ko Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planak ondorioztatu zuen motordun ibilgailua dela Hondarribian gehien erabiltzen den garraiobidea. Horrez gain, diagnostikatu zen aparkalekuen arazoa udan areagotu egiten dela, dagoen eskaria eskaintza baino handiagoa baita. Ingeniaritza enpresa batek landu du azterketa, eta emaitzak oinarri hartuz, proposamen bat bidali dio udalari. Datuei begira, 3574 aparkaleku daude Hondarribiko kaleetan, pribatuak kontatu gabe, eta herrian 9252 auto daude erregistratuta.
Bederatzi eremu
Ingeniaritza enpresaren proposamenean, hiria zonifikatuta agertzen da, bederatzi eremutan eta bakoitzak bere erregulazioa izango luke. “Soilik egoiliarrentzako izango diren eremuak, TAO eremuak eta eremu libreak aurreikusten dira. Kontutan hartu behar dira auzo bakoitzak dituen ezaugarriak”, azaldu du alkateak. Proposamena mahai gainean edukita, hemendik aurrera udal teknikarien, udal politikarien eta herritarren lana da proiektua “herriarena” egitea. “Gure hiriaren errealitatera eta gure eguneroko beharretara egokitu behar dugu ordenantza berria”.
Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak xehetasun gehiago eman ditu: “Zonifikazioak arrazoi argi bat du: auzo bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu. Auzo guztietan ez dira dinamika eta fluxu berdinak ematen, eta horrek eragiten du ez direla neurri berdinak hartuko eremu bakoitzean”. Urtizbereak bi erronka nagusi markatu ditu: uda eta aisi garaietan sortzen diren blokeoak askatzea. Horrez gain, esan du Portua eta Alde Zaharra auzoetan sortzen direla arazo handienak.
Prozesu osoa aurretik
Udal gobernuaren asmoa, abian dagoen ordenantza erabat aldatzea da. “Hain dira handiak egin beharreko aldaketak, prozesu berri honek 0rdenantza berri batek eman beharreko pausu guztiak emango dituela”, azaldu du Urtizbereak. Udal gobernuaren ustez, garrantzitsua da horrelako prozesuetan herritarren parte hartzea sustatzea. “Badakigu jendeari kotxeaz hitz egiten diogunean parte hartzeko grina pizten zaiola. Aurre kontsulta publikoaren fase bat edukiko dugu, jendeak bere iritzia eman dezan. Baina lehenago, mahai tekniko politiko bat osatu dugu udaletxean, eta bertatik aterako da proiektuaren proposamena”. Herritarrekin lehen bilera abenduaren 16an egingo dute. Itsas Etxean. Urtizbereak azaldu du lehen bilera horrek helburu pedagogiko bat izango duela, herritarrei dena ongi azaltzeko.
Ordenantza berri baten prozesua hurrengoa da: Lehenik, herriak bere aportazioak eman ditzake, erantzunez zer konpondu beharko lukeen ordenantza berri horrek. Ondoren, iruzkinak jaso eta gero, lehen dokumentua osatzen hasten da udala. Teknikarien eta politikarien arteko lankidetzan sortutako lehen dokumentu hori osoko bilkuratik pasatzen da, eta ondoren, berriro ere, herritarren esku uzten da. Herritarrek, bigarren aldi horretan, alegazioak jartzen dituzte, eta politikariek eta teknikariek haien iruzkinak galbahetu egiten dituzte. Bertatik azken dokumentu bat ateratzen da, eta berriro ere osoko bilkuratik pasa behar da. Onartu ezkero, hamabost egunez ikusgarri egoten da, eta azkenik, indarrean jartzen da.
Urtizbereak adierazi du horrelako prozesuak luzatu daitezkeela, baina hori ez dela asmoa: “Kontzienteak gara badaudela herrian eremu batzuk gutxitetsi egin direla urte askoz, eta orain haien haserrea kudeatu beharko dugu, normala den moduan. Baina epeak errespetatzea funtsezkoa da, bestela ez genuke eta inoiz amaituko”.
Urtizbereak iragarri du kasurik onenean ekaina aldean egongo litzatekeela proiektua ixteko moduan. Prozesuan zehar, bilera sektorialak egingo dira, herriko leku ezberdinetan. Lehenengoa Alde Zaharra, Portua eta Puntala auzoekin egingo da, bigarrena Amute eta Mendelu auzoekin, eta azkenik, Akartegirekin eta kanpoaldeko auzoekin. “Bilera ireki guztien aktak jasoko dira, eta dokumentaziora gehituko dira”. Gardentasunaren alde egin nahi du udal gobernuak.

