GazteARTEan espazio berriaren aurkezpena, CBAn
Gazteen proiektuak garatzeko programak bultzatzen dituen espazio berriaren aurkezpena abenduaren 13an izango da.
Espazio berriaren aurkezpen egitaraua.Irungo Udala Gazteria Zerbitzuaren eskutik, GazteARTEan espazioa aurkeztuko dute abenduaren 13an, CBAn. Sorkuntza tailerrak, txokolate dastaketa eta Maria Blanco bakarrizketaren umorezko showa izango dira, goizean zehar antolatutako egitarauan. 18 urtetik 30era bitarteko gazteei bideratuta dago espazioa, eta asteartetik larunbatera zabalik egongo da egoitza berria.
GazteARTEanek gazteen proiektuak garatzeko programak bultzatzen ditu, eta bertan, Konekta, AsexoraT eta IGazte zerbitzuek gazteentzako sorkuntza jarduerak antolatuko dituzte. Espazio honek gazteen eta Udalaren arteko harreman eta konexioak sortzea bultzatzen du, konplizitate eta sinergiak sortzeko.
Aurkezpen eguneko festa goizean izango da, 11:00tatik 14:00tara, CBAn. Zeramika, fanzineak eta artilezko ipuinak egiteko tailerrek hasiera emango diote festari, Saguxar DJak girotuta. Tailerretan parte hartu nahi dutenek Udalaren webgunean eman dezakete izena, tokia mugatuta baitago. Gainontzeko jardueretan parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea.
Zerbitzuen artean hauek izango dira abendutik aurrera bertan martxan jarriko dituztenak. Konekta 16 urtetik 25era bitarteko gazteentzat zuzenduta dago, eta talentu emergentea eta parte hartze aktiboa sustatu nahi du. AsexoraT zerbitzuak, berriz, heziketa sexual eta afektiboa lantzen du. Zerbitzu hau GazteARTEan estreinakoz izango da, eta aurrerago litekeena da aholkulartza zerbitzu gehiago ematea bertan: kulturalak, emantzipazioaren ingurukoak, sozialak… IGazte informazio bulegoak informazioa eskuratzeko aukera berdintasuna bermatzea du helburu, eta doako zerbitzua izango da.

