Mikel Esnaola lezoarra txapeldun Itsas Etxean
Larunbatean jokatu zen Hondarribian Gipuzkoar Erako Euskal Herriko VII. Txapelketa Nagusia. Esnaolaren garaipenaz gain, Ane Jaunarena hirugarren izan zen.
Mikel Esnaola, sari guztiak jaso ondorengo ohorezko dantzaldian.Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra. 
Mikel Esnaola, txapela eta trofeoa eskuan. Argazkia: Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra.
Lezoarren arrakasta osoa larunbatean Hondarribiko Itsas Etxean jokatu zen Gipuzkoar Erako Euskal Herriko VII. Aurresku Txapelketa Nagusian. Mikel Esnaola izan zen txapeldun, eta Ane Jaunarena lezoarra hura ere, hirugarren, bigarren izan zen Irati Olaizola legazpiarraren atzetik. Dantza lehiaketetan txapelak pilatzen jarraitzen dute lezoarrek. Esnaolaren Euskal Herriko bigarrena da, 2023an ere irabazle izan zelako; iaz, Mattin Etxebeste oiartzuarra izan zen txapeldun.
Hamabi dantzari izan ziren Hondarribiko lehian, horietatik bost Oarsoaldekoak: Mikel Esnaola eta Ane Jaunarena lezoarrak; Garazi Zabaleta eta Ainhoa Guembe errenteriarrak; eta Danel Castillo sanjuandarra. Hondarribiko Txistulari Taldeak eskaini zizkien doinuak dantzariei, eta Aurkez aurke, Zortzikoa eta soinu zaharreko pieza bat dantzatu behar izan zituzten dantzari guztiek.
Behin dantzaldiak bukatuta, Jose Luis Vallejo, Katerin Artola eta Nahikari Vizuete epaimahaiko kideek erabaki zuten Esnaolak egin zuela lanik onena. Ikusle asko izan ziren Itsas Etxean, horien artean Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotzi Ortzi Alonso, eta Lezoko nahiz Errenteriako alkate Mikel Arruti eta Aizpea Otaegi hurrenez hurren.
Behin sari emate ekitaldian, Esnaolak Gipuzkoako Dantzarien Biltzarraren trofeoa, Hondarribiko Udalaren trofeoa, txapela eta 400 euroko diru saria jaso zituen; horrez gain, Tomas Muruaren eskultura ere jaso zuen lezoarrak, urtebetez Lezon izango dena. Bigarren izan zen Irati Olaizolak Hondarribiko Udalaren trofeoa eta 300 euro jaso zituen; hirugarrenak, Ane Jaunarenak, Hondarribiko Udalaren trofeoa eta 200 euro.

Partaide guztien eta erakundeetako ordezkarien talde argazkia. Argazkia: Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra.

