Elikadura jasangarria pantailetan, ikasleen eskutik
'Gazteak On: Elikadura Erronka' lehiaketaren bigarren edizioa egingo dute aurten. Bidasoko ikasleek elikadura jasangarria oinarri duen ikus entzunezko bat egin beharko dute.
Bigarren aldiz egingo dute Gazteak On: Elikadura erronka lehiaketa. Maia Permaculture eta Bidasoa Txingudi eskualdeko elikadura kontsumo taldeek (Labore Txingudi eta Hendaiakoop) bultzatuta garatuko da egitasmoa. Ikus entzunezko lanen lehiaketa bat da Gazteak On, eta helburua gazteek elikadura jasangarriaren inguruan hausnartzea da.
Bidasoa eskualdeko ikastetxeei zabaldu diete parte hartzeko deialdia. Iazko parte hartzea handitzea dute helburu. Horregatik Irungo, Hondarribiko, Hendaiako, Urruñako, Biriatuko, Ziburuko eta Donibane Lohizuneko ikastetxeek izango dute parte hartzeko aukera. Ikasleek bideo bat egin beharko dute, elikadura jasangarria oinarri hartuz. Haiek zuzendu eta editatu egin beharko dute.
Bideoen bidez elikadura jasangarriaren eta tokikoaren garrantzia nabarmendu nahi du egitasmoak, eta baita ere eskola komunitatean garatu nahi dituzten proiektu eraldatzaileak sustatzea. Iazko bideoetan hainbat proiektu sortu ziren, aurten egi bilakatu direnak. Elaia Arbelaizek iazko sari nagusia jaso zuen, eta aurten bere lan taldeak sortutako Fruta Eguna egin dute eskolan. “Ilusio asko egin digu gure proiektua ikusteak. Ez genuen irabaztea espero, gure helburua hausnarketa zabaltzea zen, baina irabazteak beti ematen du poza”.
Sari ekonomikoa
Lehenengo saria, epaimahaiarena, 600 eurokoa izango da, eta bigarrena, herritarrena, 400ekoa. “Iazko sariarekin jasotako dirua aurten izango dugu erabiltzeko. Baratzarekin loturiko ideietan pentsatu dugu; gure ikastetxean horrek du elikadurarekin lotura handiena. Azkenean erabaki dugu diru gehiena negutegian inbertitzea, eta beste zati bat hazi eta ongarrien erosketa indartzera bideratzea”, adierazi du Osertz Ubegun ikasleak. Sari ekonomikoak elikadura burujabetza hobetzeko ekintza zehatzak finantzatzeko bideratuko dira.
Bost fase izango ditu lehiaketak. Lehena, izen ematea izango da, eta, azkena, sari banaketa. Herritarren bozka irekia maiatzean egingo da, herritarren saria erabakitzeko.

