Herritarren partaidetza fasean sartu da Hondarribiko II. Plana osatzeko prozesua
Abenduaren 15era arteko epea izango dute hondarribiarrek eta herriko elkarteek planaren zirriborroari ekarpenak egiteko aukera.
Faseak betetzen ari da Hondarribiko II. Berdintasun Plana osatzeko prozesua. 2024en egindako diagnostikoa du oinarri planak, eta 2025ean zehar planaren diseinu prozesua garatu da, udaleko arlo guztietako langileen partaidetzarekin nahiz herrian berdintasunaren alde lan egiten duten elkarte eta norbanakoekin; prozesu horretan sektorekako saioak egin dira, 55 kideren partaidetzarekin. Horren guztiaren ondoren planaren zirriborroa osatu da, eta hurrengo fasea zabalik da: horri ekarpenak eta iradokizunak egiteko aukera dute hala nahi dutenek, abenduaren 15era arteko epearekin. Hondarribiko II. Berdintasun Planaren zirriborroa ikusteko baliatu esteka hau.
Ekarpen horiek egiteko bi bide erraztu ditu Hondarribiko Udalak, biak erregistro bidez: lehena udalaren webguneko izapidetza elektroniko zerbitzu bidezkoa da, eta bigarrena aurrez aurrekoa, BAZ bulegora bertaratuz ekarpenaren erregistroa egiteko. Udalak hondarribiarrei eskatu die prozesu honen partaide izan daitezela, “dokumentua aberastu eta udalerriaren egunerokoan eragin positiboa izango duen tresna indartsu bihur dadin”.
Ekarpenen fase bukatzean udalak horiek aztertuko ditu, eta dokumentua osatuko du horiekin. Ondoren, zirriborroak Emakunderako bidea hartuko du, hark dagokion txostena egin dezan. Horiek guztiak eginda, udalbatzarrera eramango dute plana zinegotziek onar dezaten.
Ardatzak
Hondarribiko Udalak azaldu du planaren zirriborroka lau ardatz estrategiko dituela, 124 ekintza zehatzekin 2025-2029 epealdian gauzatzeko, “Hondarribia berdintasunean oinarritutako udalerri inklusibo, seguru et bidezkoagoa bihurtzeko. Honakoak dira puntuz puntu eta hitzez hitz lau ardatz horiek:
- Gobernantza eta antolaketa feministara urratsa. Udalaren barne-funtzionamenduan genero-ikuspegia txertatzea, prestakuntza orokortzea, kontratazioetan berdintasun-klausulak aplikatzea eta datu estatistikoak sexuaren arabera jasotzea.
- Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea. Emakumeen protagonismo soziala, ekonomikoa eta kulturala indartzea; ikusgarritasuna areagotzea; eta herriko elkarte-sarearekin elkarlana sendotzea.
- Gizarte-antolaketa bidezkoa eta zaintzen aitortza. Zaintza-politiken aldeko neurriak, hezkidetza sustatzea, eta gazteen, adinekoen eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen beharrei erantzuteko ikuspegi integrala garatzea.
- Indarkeria matxistaren prebentzioa eta arreta. Prebentzio-programak, sentsibilizazioa, protokoloen eguneraketa eta erakunde arteko koordinazioa sendotzea.

