Inklusioaren aldeko Dragon Boat itsasoratu dute
Desgaitasun fisikoa eta intelektuala duten pertsonei zuzendutako ekimena aurkeztu dute Hondarribian.
Dragon Boat-ren aurkezpena. Gipuzkoako Aldundia Pertsona guztiek kirola egiteko aukera eskaintzen duen Dragon Boat inklusiboa martxan jarri dute Hondarribian. Herriko HS2 Surf Centerrek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bigarren urtez jarraian, Gipuzkoa inklusiboa eraikitzea helburu duen ekimen honen aldeko apustua egin dute. Lankidetza proiektua izan da, eta bertan, Kemenen eta Atzegiren laguntza ere izan dute.
Aurkezpenean, Maite Peña Zabaletak, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, egitasmo honen garrantzia nabarmendu du. “Pertsona guztiek, euren egungo egoeraz haratago, kirola egiteko, klub baten parte sentitzeko, eta komunitatearen parte sentitzeko aukera dute”. Arraunak bizi-kalitatea eta osasuna hobetzen laguntzen du.
Dragon Boat-ak Txinan du jatorri, eta 2.000 urte baino gehiagoko historia du. Itsasontziak dragoi baten forma du, brankan dragoi-burua du, eta txopan, berriz, isatsa. 13 metroko luzera dute, eta bertan 12 eta 22 kide artean parte har ditzakete.
Egun, proiektu honetan 12 kide inguru daude, datozen asteetan zabaltzeko aurreikuspena dute, deialdia herritar orori zabalduta dago eta. Entrenamendu inklusiboak asteartetan eta ostegunetan izango dira.
Lehenengo Dragon Boat iaz itsasoratu zuten, eta lurraldeko minbiziaren aurkako zenbait elkartek parte hartu zuten bertan. Horren onurak oso positiboak izan dira minbizia duten emakumeentzat. Besteak beste, ebakuntza ondoko prozesuak hobetzen lagundu du, bularreko, bizkarreko eta eskapulako muskulatura indartzen baitu.

