"Indarkeria matxista desegiteko, aukera bakarra antolakuntza iraultzailea da"
Elkarretaratzea egin zuen atzo Bidasoako Itaiak, San Juan plazan. Instituzioen ezintasuna salatu zuten, besteak beste.
Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira San Juan plazan egin zuen atzo Bidasoako Itaiak bere elkarretaratzea. 19:00etan elkartu ziren, udaletxeko arkupeetan. Indarkeria matxista borrokatu leloa buru, pankartan irudikatuta, ordu erdiz aritu ziren oihuka. Indarkeria matxistari aurre egin, Gora emakume langileon borroka edo Erasoen aurrean antolatu bezalako aldarriak entzun ziren atzoko hitzorduan.
Azken momentuan irakurketari ekin zioten. “Egunak joan eta egunak etorri gure aurkako indarkeriak emakume langileon errealitate gordina izaten jarraitzen du; horren adibide ditugu: Iruñeko talde bortxaketa; Zarautzen, Gasteizen, Erandion edo Igorren izandako eraso matxistak; baita indarkeria matxistaren aurpegi ilunenak diren erailketa matxistak, Angelun gizon bat bere bikote ohia hiltzen saiatu zen eta Zarauzko erailketa matxista”. Erasotzaileak “inpunitate osoz” aritzen direla esan zuten, eta “erasotuak eraso horiek salatzeko ezintasun handiak” dituztela.
Itaiaren ustez, gaur egun badaude indarkeria matxista asmakizun ideologikoa dela uste dutenak, gizonak ere erasotuak direla argudiatuz, horrela matxismoa ukatuz. “Eskuineko eta ultraeskuineko alderdi eta eragileak ideia atzerakoiak normalizatzeko interbentzio ideologiko- politikoa egiten ari dira. Horrekin batera, gainera, emakume langileon aurkako neurri zuzenak hartzen ari dira: abortuaren aurkako jarrerak hauspotuz edo indarkeria matxistaren aurkako legearen kontrako diskurtsoak zabalduz, besteak beste”.
Eskuin muturraren jokabidea
Eskuin muturreko alderdiekin jarraituz, adierazi zuten horiek berak direla erasoak etorkinek egiten dituztenean kasuak mediatikoak bihurtzen dituztenak. “Emakumeok bizi dugun indarkeriak bost axola die. Programa arrazista, klasista eta espainolista indartzea da beraien helburu bakarra. Ozen diogu, ez erabili indarkeria matxista arrazakeria sustatzeko. Eraso ororen aurrean erantzuten jarraituko dugu, erasotzailea dena delakoa izanda ere”. Itaiak argi du: ez dute onartuko emakumeenganako zapalkuntza espektakulurako eta interes partidistetarako erabiltzea.
Itaiaren ustez, emakume izate hutsagatik jasandako eguneroko zapalkuntza da indarkeria matxista. Horren adibideak jarri zituzten: konnotazio sexualeko mezuak, ukituak, bortxaketak, baita erailketak ere. “Gainera, sare sozialen eta plataforma digitalen garapenak eraso horiek areagotzea eta normalizatzea eragin du, batez ere gazte sektoreetan”.
Instituzioen ezintasuna
Alderdi politikoen eta instituzioen aurka jo zuen Itaiak: “Egoera jasangaitz horretan, alderdi politikoek zein instituzioek egoerari aterabidea emateko duten ezintasuna agerian geratu da: ez dute indarkeria matxistarekin amaitzeko bide orririk mahai gaineratu”. Horrez gain, esan zuten feminismoaren baitako zenbait sektorek indarkeria matxistari aurre egiteko proposamena estatu egitura kapitalistaren baitan kokatu dutela. “Azken urteetako politikagintza instituzionalak agerian utzi du, matxismoaren kontrako proposamen elektoralak indarkeriaren kudeaketa hutsera mugatu direla, egiturazko arazo sozialarekin amaitzeko borondate eta aukera oro alboratuta”.
Horren aurrean, Itaiak uste du langile klaseko kolektibo ezberdinen zapalkuntzak indartzen dituen gizarte ereduarekin amaitzea dela indarkeria matxista deuseztatzeko konponbidea. “Horregatik, estatu sozialistaren eraikuntzan ekarpena egingo duen alternatiba politikoa garatzea da gure hautua. Indarkeria matxista amaitzeko aukera bakarra, instituzioetatik kanpo eraikiko den antolakuntza iraultzailea da”.

