Sandra Piñeirok elikadura nahasmenduen inguruko hitzaldia emango du
Hitzaldiaren helburua "elikadura nahasmenduren bat duten pertsonen errealitatea ezagutzea" da. Hilaren 26an izango da, Emakumeen Etxean.
Hilaren 30ean Elikaduraren Nahasmenduen Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta horren harira Gorputzetik harago: elikadurarekin lotutako portaera nahasmenduak ulertzen saiatuz izenburupean hitzaldia emango du Sandra Piñeiro nutrizionistak.
Emakumeen Etxean izango da hitzordua, hilaren 26an, 18:30ean. Saioa gazteleraz izango da, eta sarrera librea izango da lekuak bete arte.
Azaldu dutenez, hitzaldiaren helburua “bulimia, anorexia, ortorexia edo bestelako elikadura nahasmenduren bat duten pertsonen eguneroko errealitatea ezagutzera ematea da”. Are; gehitu dute sentsibilizatzeko, informatzeko eta mitoak eraisteko hitzaldi bat izango dela. Bestalde, diote “emakume askok bizitzaren zenbait etapatan izaten duten arazo horri aurre egiteko oinarrizko jarraibide” batzuk ere emango dituela.
Piñeiro Psikologia ikasketak egiten ari da, eta Kirolaren Zientzietako gradua du. Gainera, nutrizioari eta osasunari buruzko master bat ere badu.
Horretaz gain, Piñeiro bera izango da abenduaren 3tik aurrera Ahalduntze Eskolako Gorputzetik harago ikastaroa emango duena. Saio horien helburua gorputzarekin eta janariarekin emakumeek duten harremanaz hausnartzea da “nork bere burua zaintzeko eta autoestimua indartzeko tresnak eskuratze aldera”.
Antolatzaileek jakinarazi dute 4 eta 12 urte arteko haurrentzat zaintza zerbitzua egongo dela, eta inork hori baliatu nahi badu 943 50 55 05 zenbakira deitu behar duela horren berri emateko.

