"Etorkizun hobe baterako bidaian" hildako pertsonak oroitu dituzte
Laugarrenez egin dute elkarretaratzea, eta dozenaka pertsona elkartu dira. 'Ibilbide seguruak eta harrera duina eskubidez' lelopean egin dute hitzordua.
Ibilbide seguruak eta harrera duina eskubidez lelopean, “etorkizun hobe baterako bidaian” hildako pertsonak oroitu dituzte Irunen. Fivasvo, Migrantes con derechos eta Korapilatuz-ek antolatu dute hitzordua, eta dozenaka pertsona elkartu ziren Santiago Zubiko Skate Parkean.
Laugarrenez egin dute ekitaldia, eta txalaparta hotsekin ireki dute aurtengoa. Gero, bidean hildako guztiak “agurtu” zituzten bertaratu zirenek. “Haiek [hildakoek] deitu gaituzte, haien bizitzak eta heriotzak dei egin digu”, azaldu dute.
Zenbait elkarte eta erakundetako kide elkartu ziren hitzorduan, eta egun hori “ahaztezina” izan bazen ere, egun hori gehiago ez ospatzea da euren desioa. “Aurten, baina, zoritxarrez, beharrezkoa da”.
Bidasoa ibaian hildako bederatzi pertsonak oroitu zituzten agerraldian, baita Mediterraneoan 2014. urtetik hildako 58.000 pertsonak ere. Agerraldian, alabaina, zehaztu dute 58.000 horiek direla erregistratuta dauden heriotzak. “Zorionez askoz gehiago dira bizirauten duten pertsonak”, eta hori lehen pertsonan kontatzeko, horrelako egoera bati aurre egin dion pertsona batek hartu zuen hitza. Haren ondotik, Amets Arzallusek hartu zion erreleboa, eta bertso bat bota zuen.
Bertsoa amaituta, “bizitza, heriotza eta esperantza ulertzeko eta bizitzeko” zenbait modutatik idatzitako testuak irakurri zituzten, eta manifestua ere irakurri dute jarraian. Txoriak txori abesten amaitu zuten elkarretaratzea.
Ekitaldiako irudiak ikusteko, egin klik hemen.

