Tren Txikito bueltan da
Tren elektriko berria aurkeztu du udalak. Irungo leku historikoetatik pasako da, hala nola Oiasso Museotik eta Ama Xantalen ermitatik.
Irunek badu tren elektriko berria: Tren Txikito. Izena ezaguna egingo zaie irundar askori. 1956. urtean azken aldiz egin zuen Tren Txikitok Irun eta Elizondo arteko bidea, urte askoz Baztango, Bortziriko eta Bidasoako herriak lotu ondoren. Orain, bere omenean jarri diote tren elektriko berriari izena. Irungo historia jorratuko du Tren Txikito berriak, ibilaldiak eginez, gehien bat turistentzako zuzenduta.
Abenduan jarriko da martxan, eta igandero Tour Erromatarra egingo du, Oiasso museotik Ama Xantalen ermitara. 10:00etan lehen bidaia egingo du, gazteleraz eta ondoren, 12:30ean euskaraz. “Zehazki, erdialdean barrena ibiliko da, hirian egindako aurkikuntza arkeologiko nagusien berri ematen, eta ermitaren barruko nekropoliko aztarnategia bisitatzeko aukera ere emango du”, azaldu du Irungo Udalak ohar bidez. Gerora begira, Oiasso museoa eta Irugurutzetako meatokiak komunikatzea dute helburu.
Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Hiri Bultzadako eta Sustapen Ekonomikoko Arloko eta Kultura Arloko ordezkari Nuria Alzagak adierazi du tren berriari esker, Irungo Udalak bere historiaren parte bat berreskuratu duela. “Gainera, emozioez harago, badugu gure ondare historiko eta kulturala harremanetan jartzeko asmoa, trena turistikoa ere izango baita eta hiriko bi toki berdingabe komunikatuko baititu: Oiasso Museoa eta Irugurutzetako meatokiak”.
Tren elektrikoa 450.000 euroko gastua izan da, eta %100 Europako Batasunak finantzatu du, Next Generation funtsen bidez. 100 kilometroko autonomia du, eta 27 kilometro orduko abiadurara iritsi daiteke. 38 bidaiari kabitzen dira bertan.

