Kontatzen ez dena, ez baita
Gertutik ezagutu du Arantxa Sanchez Larrartek tortura, erizain izanik ospitalean «txikituta» heltzen ziren pertsonekin lehenik; bere haragitan, ondoren.
Arantxa Sanchez Larrarte.Fernando Larruquert Emakumeen kontrako indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da tortura. Zerikusia du justiziaren zentzu patriarkalarekin eta agerian geratzen da justiziaren aplikazio osoan: prozesuetan, atxiloketetan, kondenetan, etengabeko epaiketetan… Duela astebete Iruñean egindako agerraldi feministaren pasarte txikia da aurreko hori; Iratxe Sorzabal Diazi bera torturatu zuten guardia zibilen kontrako auzia zabal dezatela eskatu duela-eta, babesa erakusteko adierazpenaren zati bat. Larunbatean Bidasoaldeko Iratxeren Lagunak elkarteak deituta, babes argazki erraldoia egin zuten. Luzea da torturaren itzala Euskal Herrian. Ehunka eta ehunka izan dira hamarkadatan tortura salatu dutenak.
Gaztea zela heldu zen Euskal Herrira Arantxa Sanchez Larrarte, erizaintza ikasketak egitera. Euskal Herrira iritsita izan zuen torturarekin lehen harremana irundarrak: «Basurton egiten genituen praktikak, ez zen erizainik izaten ikuskatzen. 17 urte nituela heldu zen txikituta, hilabete eman zuen ZIUn. Gogoan dut apaiza zela, ohean esku burdinak jarrita zutela; Tasio Erkizia zen. Pertsonak zaintzen ikasten ari nintzen garai hartan, eta kontrakoa bizi nuen, muturreko basakeria».
1980. urtekoa du bigarren oroitzapena, Gipuzkoako Ospitaleko ZIU zerbitzuan lanean ari zenekoa, «mutil gazte bat ekarri ziguten, burua hautsia zuen eta mendian galduta aurkitu zuten». Gero jakin zuten neska batekin zegoela, bikotearekin, eta desagertuta zegoela: «Mendia miatu eta ez zuten aurkitu, eta egunetara azaldu zen aurretik miatutako eremuetako batean. Bortxatu eta txikitu egin zuten, Mari Jose Bravo gaztea zen». Gertuago sumatu zuen gero, lankide eta laguna zuen Idoia Aierberekin eta haren bikotekide Mikel Zabalzarekin, «ezin diot hitzik jarri haiekin gertatu zenari. Idoia [Aierbe] ez zen haren ondotik pertsona bera izan».
Guardia Zibilak atxilotuta
Ondoan ikusi duela tortura dio. Baita bere haragitan ere. 2004ko urrian, 47 urte zituela atea jo zuten 02:30ean: «Zorionez bakarrik nintzen egun horretan etxean. Kristoren kolpeak entzun nituen atean, entzun nuen hurrengoa: ‘Guardia Civil, abra la puerta o la tiramos’». Pentsatzeko astirik gabe erantzun zuen bere gorputzak, oso gogoan du: «pixa egin nuen gainean, nire gorputzak erreakzio hori izan zuen. Behin gertatu zait bizitzan, eta une horretan izan zen. Terrorea sentitu nuen». Atea zabaldu eta inbadituta sentitu zela, hori duen hurrengo oroitzapena: «Bi ordu izan ziren nire etxean, dena miatzen. Kaputxarekin burua estali eta autoan eraman ninduten Madrilera. Lau okupante zeuden, ez ditut pertsona deitu nahi, eta ni erdian. Bidaia osoa eman zuten zentzurik gabeko galderak egiten, bata bestearen atzetik. Ez nekien nora eraman ninduten, gerora jakin nuen Tres Cantoseko kuartelean izan nindutela atxilo». Behin komisariara helduta orduak eta orduak izan zuten zutik, hormaren aurrean, eta ez zuten esertzen uzten, «banekien eurek zutela boterea eta ni saiatu nintzen botere hori errespetatzen ahalik eta ondoen ateratzeko handik». Denbora guztian oihuak, negarrak, kexak, zaratak etengabeak izan zirela du gogoan, «uste dut batzuk nahita jarriak zirela, kadentzia bat zutela iruditu zitzaidalako». Muturreko bizipen betean, muturrerago eraman zuen gertaera, «ondoko ziegan zegoen atxilotua bere buruaz beste egiten saiatu zen».
Gogoan du operazio berean atxilotutako adineko emakumeak etengabe eskatzen ziela medikazioa guardia zibilei, buruko min handia zuelako eta tentsio arazoak zituelako, «ez zioten jaramonik egin, eta ez zioten eman».
Egoera mendean hartu nahian arnas ariketak egiten hasi zela oroitu du. «Nire buruari esaten nion barruan bakea nuela, eta ez niela nire espaziora, nire barnera sartzen utziko, ‘ez dizuet baimena emango, nahi duzuena egingo duzue, baina hau ni naiz, eta hemen ez zarete sartuko’».
Biluzarazi zuten eta irain sokan hasi. «Itsusi, lodi, atso, zoro… iraindu egiten ninduten, eta gero, azkarra nintzela esan, ez zutela ulertzen ikasketak zituen ni bezalako emakume prestatuak zer egiten zuen babo haiekin nahastuta. Zelda barruan kaputxarik gabe ninduten, baina handik ateratzeko edo eurak sartzen zirenean jarri egin behar nuen. Ukitzeko zerbait jarri zidaten halako batean. Genetikan lan egiten nuen, eta jakin banekien ukitutakoan nire hatz markak geldituko zirela eta erabiltzea zutela. Hatz koskorrekin ukitu nuen».
«Nirea ez da gertatu»
Ahazten saiatu bada ere, ez du egin. Detaile ugari ditu Sanchezek gogoan hogeita bat urte joan badira ere. Esaldi bat maiz-maiz errepikatu zioten atxiloaldian guardia zibilek: «Behin eta berriz esaten zidaten ‘Zu beti gogoratuko zara nitaz, niretzako berriz zu zenbaki bat zara, ez zara ezer, bihar beste batzuk izango ditugu hemen’». Gogoan du ere, asko-askotan aipatu ziotela Gurutze Iantzi han izan zutela bera zen komisaria berean; Guardia Zibilak 1993ko irailaren 22an atxilotu zuen bere etxean. Bi egun geroago hil zen, Guardia Zibilaren Tres Cantosko egoitzan. Bertsio ofizialaren arabera bihotzekoak jota hil zen. Zantzu guztiek diote, ordea, «poltsa» tortura aplikatuz hil zutela. Polizia indarkeriaren biktima gisa onartu zen 2024ko urrian, EAEn. «Argi esan zidaten banekiela zer ahal zitzaidan gertatu».
Iratxe Sorzabal euskal presoaren gainean ere behin eta berriz galdetu ziotela dio Sanchezek. «2001ean atxilotu zutenean Tres Cantosen torturatu zuten baita harako bidean ere. Berari egin moduan egingo zidatela esan zidaten». Zalantzarik ez du Sanchezek atxiloketarekin gertaera zehatz batzuekin lotu nahi izan zutela, «baina bazekiten garai hartan ez nintzela, oporretan nengoela kanpoan, argazkiak eraman zituztelako beste gauza askoren artean nire etxetik, eta bertan data azaltzen zen. Kendu zizkiguten denak, baina disko bikoitz batean genituen gordeta guztiak».
Errepikatu zuten beste mehatxu bat, mingarriena segur asko, alaba kenduko ziotela, «behin eta berriz esan zidaten atxiloaldian». Bi egun pasa egin zituen atxilotuta, eta hirugarrenean utzi zuten aske: «Hiru epailek erabaki zuten. Batek atxilotze agindua eman zuen; beste batek, lege antiterrorista ezarri zidan; eta hirugarren batek aske uztea erabaki zuen. Hiruretako bat bera ere ez nuen ikusi; nirea ez da gertatu, ez da existitu».
Oso gogoan du Tres Cantosetik ateratzeko unea, auto baten sartu gauerdian, eta obretan zen eremu batean utzi zuten, dokumentaziorik gabe eta hiru eurorekin. «Obsesio bakarra nuen, etxera deitu eta han nintzela esatea. Lortu nuen deitzea, esatea kalean nengoela libre. Ez mugitzeko esan zidaten, norbait joango zela bila».
Oraindik orain atxiloaldiaren ondorioak pairatzen ditu irundarrak. «Ezin dut eraman jendeak bizkarretik hitz egitea, susto handia hartzen dut; urteetan izan naiz esnatzen 02:30ean; ezin dut tortura edo tratu txarrik ikusi ez zineman edo horien gainean irakurri prentsan; arreta psikologikoa jaso dut nik, baita nire alabak ere, bere ama izatetik telebistan terrorista izatera pasa nintzelako. Beldurra, zaurgarritasuna, norbait zelatan izatearen sentsazioa izan dut denbora luzez». Bere amarengan ere izan zuen eragina, «urtebetez tiroidea alteratua izan zuen ezin regulatu 77 urteko amak». Izan ere, jende ugari zipriztintzen du torturak, torturatua bera eta haren ingurua, jendartea Sanchezen esanetan. Sentsazioa du bera ez zutela torturatu, hala dio: «Ez zidaten egin Tasiori, Mari Joseri, Idoiari, Mikeli, Gurutzeri edo Iratxeri egin ziotena… hamaika izen gehiago aipa ditzaket. Iruzurtiaren sindromea dudala sentitzen dut, jakinda besteei egin dietena askoz basatiagoa izan dela, nirea huskeria iruditzen zait. Hala ere kontatzen ari banaiz da, badakidalako, nirea ere, tortura izan zela».

