Ia 35 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du udal gobernuak
Proiektu nagusien artean Hondartza kiroldegiko sauna eremua berritzeko gastua, Pasaia kalea berrurbanizatzeko lanak edota berdintasun jarduerak sustatzea agertzen dira. EAJk aurka bozkatuko du.
Ia 35 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du Hondarribiko Udalak. Azken urteetako joerari jarraituz, goraka doa aurrekontua, eta oraingoa, aurreko urtearekin alderatuz %2,15 handiagoa da. Hirugarren urtez, inoizko handiena. Azaroko osoko bilkuran bozkatuko dute proposamenaren onarpena, eta bertan alderdiek haien iruzkinak egiteko aukera izango dute. “Aurrekontu errealista eta zuhurra da gaurkoan aurkezten duguna. Herritarren beharrak erdigunean jartzeko helburuarekin garatu ditugu”, azaldu du Igor Enparan alkateak.
Zehazki 34.998.615 euroko aurrekontua da aurkeztutakoa. “2026ko aurrekontu hauek agintaldi osoan hartutako ildoari eusten diote: elkarrizketa bultzatzea, gardentasuna lehenestea eta lankidetzarako espazioak irekitzea. Horregatik, aurrekontu proposamena osatzerakoan, udaletxeko teknikarien eta politikarien parte hartzea sustatzen dugu”, azaldu du Enparanek. Aurreko urteetan, oposizioko alderdiek hainbat kritika egin dizkiote udal gobernuari, aurrekontuetan zintzoki ez jokatzea leporatuz. Horregatik, Enparanek adierazi du aurten, negoziaketak “modu formalago batean” egitea erabaki dutela, beste udal taldeen nahia errespetatzeko.
Beste alderdiak kontuan hartzeko, hainbat bilera egin dituzte haiekin. BIlera horien fruitu izan dira udal gobernuak aurrekontu proposamenean gehitutako beste alderdien ekarpenak. “PSE-EEren zortzi ekarpen ekarri ditugu gure proposamenera, eta EH Bilduren sei”. EAJ-k, azken momentuan, negoziaketetatik aldentzea erabaki zuela esan du alkateak, baina halere, haien bi ekarpen gehitu dituztela, “herritarrentzat onuragarriak diren proiektuak direlako”. Enparanen ustez, elkarrizketa sustatzea eta garden jokatzea dira bere udal taldearen lan egiteko moduak.
Beste alderdien ekarpenak ez ezik, aurten herritarren ekarpenak jaso nahi ditu udal gobernuak. Horretarako, aurrekontu parte hartzaileak jarri dituzte martxan. Herritarrek 200.000 euroko gastua nola bideratuko luketen jakin nahi du udalak. Azaroaren 26ra arte dago proposamenak egiteko aukera, BAZ-en edo online bidez. “Prozesu honek herritarren iritziak eta beharrak zuzenean ezagutzeko aukera emango digu”, esan du alkateak.
“Pertsonen hiria”
Aurrekontuen ikuspegi soziala goraipatu nahi izan du Enparanek: “14 milioi euro bideratuko dira hondarribiarren ongizatea sendotzera, kolektibo zaurgarrien babesa indartzera eta herritarren bizi kalitatea hobetuko duten programei eustera”. Azaldu du ikuspegi soziala ez dela soilik gizarte zerbitzuen sailera mugatzen, bestelako gastu askok (diru laguntzak, hezkuntza eta gazteria programak, irisgarritasuna, osasun emozionala…) ikuspegi hori barneratuko dutela. “Hondarribia pertsonen hiria izan dadin lan egingo dugu”.
Aurrekontuen xehetasun batzuk eman dituzte Estitxu Urtizberea eta Garoa Lekuona zinegotziek. “Langileen arloan azpimarra jarri nahi izan dugu. Aurrekontuen %25,7a eramango du arlo horrek, iazkoa baino %4,43 gutxiagokoa. Langileen egitura berrantolatzen ari gara, eta horren adibide dira 2025ean egin diren 21 kontratazioak. Hurrengo urtea ere, karrerako funtzionario plaza gehiago aterako ditugu”, azaldu du Urtizbereak. Hirigintzaz ere mintzatu da Abotsanitzeko kidea, bera baita arlo horretako zinegotzia. Hirigintzako proiektu nagusiak aipatu ditu:
- Hondartza Kiroldegia: 300.000 euro. Suteak kiskalitako sauna eremua erabat berrituko da. Erreforma osoa egingo da, instalazioa egoera egokian egoteko.
- Pasaia kalea berrurbanizatzeko lanak: 1.948.718 euro. Aurrekontuko obra nagusia izango da, eta esleipen prozesua jada martxan dago. Bertan, errepideak eta espaloiak berritzeaz gain, irisgarritasuna eta mugikortasuna bermatzeko, saneamendu sare zaharkitua ordezkatuko dute.
- Mendeluko mota: 507.000 euro. Uholdegarritasun arriskua murriztu eta ingurunea seguruagoa eta egonkorragoa bihurtzeko, lurrezko estruktura bat egingo da.
Hondarribia “inklusiboagoa eta berdinzalea” eraikitzeko aurrekontuak dira Lekuonaren ustez. Horretarako, hainbat proiektu egingo dira. Horietako batzuk aipatu ditu Lekuonak:
- Gizarte Larrialdietarako Laguntzak: 275.000 euro. Egoera zaurgarrian dauden herritarrei larrialdi ekonomikoetan laguntzeko.
- Berdintasun jarduerak: 107.650 euro. Berdintasun teknikari bat lortzea izan da oraingo udal gobernuaren erronketako bat, eta orain, badagoela, berdintasun politikak eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko jarduerak aurreikusten dira.
- Enplegu sustapena: 150.000 euro. Herritarren lan aukera berriak sustatzeko.
Udal gobernuarentzat, ondarea azpimarratu beharreko zerbait da. “Herritarren herria egitea nahi badugu, pertsonez gain herria bera ere garrantzitsua da, eta horregatik ondareak garrantzi berezia du. Lehentasunezko zerbait da, zaindu beharrekoa”, gehitu du Lekuonak. Ondarearen harira:
- San Telmo gaztelua zaharberritzea eta kontserbazio lanak egitea: 100.000 euro.
- San Nikolas harresiak zaharberritzeak eta kontserbazio lanak egitea: 150.000 euro. Udalak harresi inguruko eremuak erosi ditu azken urteetan, eta orain, horiek egokitzeko eta herritarrei irekitzeko proiektua aurkeztu dute.
- Hilerria zaharberritzea: 600.000 euro. Eguneratu behar den eremua da gobernu taldearen ustez, irisgarritasun ikuspegitik gehienbat, baina baita ere bertan egiten den kudeaketa modernizatu egin behar delako.
- Bide garbiketa: 1.668.607 euro. Herriaren garbitasuna bermatzeko eta kaleen egoera egokia mantentzeko.
EAJ, aurka
EAJk iragarri du udal gobernuak proposatutako aurrekontuen aurka bozkatuko duela. Jeltzaleen ustez, Abotsanitzek aurkeztutako proposamenak “ez ditu hiriaren beharrak asetzen, eta diru sarreren aurreikuspen irreala jasotzen du”. Adierazi dute 27 proposamen zehatz aurkeztu zituztela, eta gobernuak onartutakoak ez direla nahikoak.
EAJk aurkeztutako proposamenen artean, Javier Ugarteko aparkalekuaren proiektuan aurrera egitea, auzo bideen hobekuntza edota mugikortasun eredu berria garatzea agertzen ziren. “Gobernuak ez onartzeak argi erakusten du ikuspegi oso desberdinak ditugula Hondarribiak nola aurrera egin behar duen ulertzeko”, esan dute jeltzaleek.
Halere, adierazi dute badirela aurrekontuetan guztiz babesten dituzten partidak, hala nola etxebizitza arloko teknikari kontratatzeko partida ekonomikoa, elkarte eta kirol klubentzako diru laguntzak %5 igotzea eta harresiaren hobekuntzarako jarduerak.

