"Matxismoaren eta faxismoaren aurrean" kaleak hartzeko beharra aldarrikatu du Itaiak
Eskualdean izan diren azken gertakarien harira "jendartean gailentzen ari den neutralizazioa" haustea beharrezko dela azaldu du Itaiak. Hainbat jarduera antolatu dituzte.
“Matxismoaren eta faxismoaren aurrean” kaleak hartzeko beharra aldarrikatu du Bidasoko Itaiak. Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira egindako adierazpenean, Itaiak salatu du azken asteetan hainbat eraso matxista izan direla, “gertakari hauek soilik lazgarriak izatetik urrun, argi erakusten dute, matxismoaren gorakada eta normalizazio prozesu bat bizitzen ari garela, faxismoaren gorakadaren eskutik datorrena”.
Horren aurrean kontzientzia-lan sendoa egin behar dela adierazi du, “erasoak irmoki salatzea, jendartean gailentzen den neutralizazio horrekin haustea eta, batez ere, emakume langilea subjektu politiko aktibo gisa artikulatuz kaleak hartzea”. Bide horretan Azaroaren 25aren harira egitaraua antolatu du.
Azken asteetan Bidasoan izandako eraso matxistak zerrendatu ditu Itaiak. “Ugariak izan dira azken hilabetean gure eskualdean eman diren erasoak: erailketa saiakera bat, kiroldegiko aldageletan grabaketak, pintaketa misoginoak, sexu esplotazio sare baten antzematea…”. Horien aurrez aurreko salaketa artikulatzeaz gainera, jendartearen kontzientzia lanean sakondu nahi du Itaiak.
Horren harira eta Azaroaren 25a baliatuz antolatu dituzte jarduerak. Beheko koadroan ikus daiteke ekitaldien zerrenda; horien aurretik, baina, eginak dituzte hainbat ekintza. Adibidez, hilaren 2 eta 7an komiteak egin zituzten Irunen, eta hilaren 14an tertulia antolatu zuten Hondarribiko Arma Plazan.
Bidasoko Itaiaren ekitaldiak
- Hilak 22, larunbata. 11:30ean, Irungo Kabigorri Ateneoan, hitzaldia eta ondoren grafiti tailerra egingo dituzte, “eskuin muturreko diskurtsoek gora egin duten garaiotan, indarkeria matxistaren arazo estrukturalaren oinarriez gogoeta sakona egiteko espazioa sortzeko”.
- Hilak 25, asteartea. 19:00etan, Irungo San Juan plazan, elkarretaratzea egingo dute. “Indarkeria matxista, orokorrean, geroz eta gutxiago arduratzen duen gaia izan arren, argi dago mobilizatzeko hamaika arrazoi ditugula”.

