Naiara Goikoetxeak sorkuntza egonaldia egingo du Maddalenen
'470 nanometro' proiektuaren sortze prozesua ikusteko aukera egongo da azaroan eta abenduan. Emaitza abenduaren 12an aurkeztuko dute.
Naiara Goikoetxea instagrameko irudi batean. @goikoetxeanaiara Naiara Goikoetxeak sorkuntza egonaldia egingo du Maddalen Arte Garaikidearen espazioan 470 nm proiektuarekin. Azaroan eta abenduan egongo da bertan, eta denbora tarte horretan bertaratzen direnek 470 nanometro proiektuaren prozesu ezberdinak ikusteko aukera izango dute.
Proiektu hori, hain zuzen, Hondarribiko Udalaren Hondarribia Sormen Hiria programaren barruan hautatutakoa da, eta itsasoarekin gizakiak duen harremanaren inguruko gogoeta bisual eta emozionala proposatzen du, itsas argiaren tonu urdin bereizgarria definitzen duen 470 nanometroko uhin luzeran oinarrituta. Proposamen horretan pintura espazio sentsorial bihurtzen da, kolorea, materia eta emozio intimoa zein kolektiboa uztartzen baitira.
Hilabete honetan zehar Maddalen espazio laborategi eta estudio bihurtuko da, eta artistak, bertan, formatu handiko hiru obra sortuko ditu proiektuaren ardatz nagusi gisa. Aipatutako hiru lan horiek azken hilabeteetan bildutako material bisualekin eta aurreko zirriborroekin osatuko ditu.
Tailerra zabalik egongo da publikoarentzat 09:00etatik 13:00etara. Azkenik, jakinarazi dute egonaldiaren emaitzak abenduaren 12an (ostirala da) aurkeztuko dituztela Maddalen espazioan, 19:00etan. Erakusketa abenduaren 12, 13, 19 eta 20an bisitatu ahal izango da, goizez zein arratsaldez.

