EAJ-ren ustez, Abotsanitzek erantzukizun zuzena du jasotako demandan
Zaldunbordaren sustatzaileek jarritako demanda Abotsanitzen kudeaketaren ondorioa da jeltzaleen ustez.
Ia 14 milioi euroko demanda bat jaso du Hondarribiko Udalak, Zaldunborda makro outleta eraikitzeko proiektua zuten sustatzaileen (Higertoki eta Zaldunborda Berri) aldetik. Horren aurrean, EAJ-k argi salatu du erantzukizun zuzena egungo udal gobernuak daukala.
Jeltzaleen ustez, Abotsanitzek ekainean HAPOaren behin behineko onarpenean gehitutako aldaketek arrisku larrian jartzen zuten Hondarribia eta herriko ondarea. “Abotsanitzek ondo zekien zertan ari zen, eta horretaz ohartarazi genion. Ez ziguten entzun nahi izan, eta aipua kendu ziguten, alarmistak deituz”, adierazi du EAJ-k ohar bidez.
Jeltzaleen ustez aldaketa horiek juridikoki ez zeuden ongi egituratuta, eta “jabetzaren aldetik kalte ordain eskaerak egiteko atea ireki zezaketen”. Horregatik, EAJ-k adierazi du demandaren arrazoia Abotsanitzen “jokabide arduragabea “izan dela.
Azaroaren 6an eman zuen udal gobernuak demandaren berri, eta bertan adierazi zuten Hondarribiko herritarrei inongo onurarik emango ez zien proiektu haren (Zaldunborda) sustatzaileak berriro ere “herriaren kontura aberastu nahi dutela”. Udalaren ustez, “onartezina” da hori.
“Kezko hesiak”
Lehen adierazpen horretan, EAJ-ren “akats larriek” eragindako demanda dela esan zuen udal gobernuak. Horren aurrean, jeltzaleek uste dute Abotsanitzek “kezko hesiak jaurti eta kontakizun biktimista bat eraikitzen duten bitartean, herritar guztien dirua arriskuan jartzen” dutela.
Adierazpena amaitzeko, jeltzaleek adierazi dute zorroztasunez eta seriotasunez lan egiten jarraituko dutela. “Populismoak ez ditu demandak ordaintzen, herritarrek ordaintzen dituzte”, gehitu du EAJ-k.

