Balaztak Mendeluko "blokeo egoera" gainditzea eskatzen du
Hondarribia eta Irun lotuko dituen bidegorria beharrezkoa dela adierazi du elkarteak, eta eskuhartzea duten administrazioei babesa eskatu diete.
Atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordean aurkeztu zen Balazta Bidasoko Bizikletaren Aldeko Elkartea. Gai nagusi bat aurkeztu zuten bertan: Irunen eta Hondarribiren arteko ibilbidea bizikletaz egiteko aukera erreala izatea, arriskurik gabekoa. Balaztaren ustez, asko dira bi herrien artean bizikletaz aritzen direnak, eta ez dira gutxienezko segurtasun neurriak bermatzen.
Balaztak esan duenez, hamar urte bano gehiago daramatzate Irun eta Hondarribia arteko bizikleta konexioaren zain. Hainbat proiektu planteatu dituzte Irungo eta Hondarribiko udalek, baina oraindik “ez dute irtenbiderik ikusi”, eta Jasangarritasun Batzordeko alderdi politiko guztiei horren alde egiteko babesa eskatu diete. “Proiektu hau beharrezkoa da”, esan du Balaztak, eta arazo guztia soluzionatuko lukeen irtenbide bat iritsi arte, konponbide txikiagoak eskatzen ditu elkarteak.
Lanketa sakona egin eta aurkeztu du Balaztak. Mendeluko ibilgailu eta bizikleta fluxua aztertu du elkarteak. Egunean 12.000 auto inguru igarotzen dira auzotik, eta bizikletei dagokienez, 2.500 kontatu zituzten ikerketa egun oso bat egin ondoren. “Auzoak duen hirigintza eraketa berdina da duela 50 urtetatik”. Auzoa zeharkatzeko, bi aldeetan espaloia dago, baina badira zatiak non oinezkoak pasatzeko espaloi horiek ez dituzten ezta 80 zentimetro. Horrez gain, elkarteak iragarri du oinezkoek eta txirrindulariek asko erabiltzen duten pasabidea dela, hori baita Hondarribitik Irunera igarotzeko bide ohikoena.
Proiektu asko, irtenbiderik gabe
Hainbat proiektu aurkeztu dira azken urteetan, Mendeluko arazoa konpontzeko, baina oraindik ez dira gauzatu. Proiektu horien barnean daude 2019ko Hondarribiko hiri mugikortasun jasangarriko plana, 2021eko San Lorentzo urmaela sortzeko eta Txingudiko erakunde arteko mahaiko naturguneen konektibitatea hobetzeko plana edota 2016ko Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionaleko lurralde plan partziala. “Aste honetan jakin dugu 2026rako aldundiko aurrekontuetan Hondarribia eta Irun batzen dituen bidegorrirako proiektuak egiteko partida bat onartu dutela”.
Hainbat irtenbide aurreikusten ditu Balazta elkarteak. Haietako bat da Mendelu kalea erditik zeharkatuko lukeen bidegorria, bi errailen erdian, edo baita ere, atzeko aldetik, hau da, Eskapatxulotik Zumibusu errekaren ertzean egingo litzatekeen oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabidea.
Balaztaren ustez, beharrezkoa da gaur egun lan mahai bat sortzea, administrazio guztiek (udalak, aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Gobernu Zentrala) parte hartuko luketena eta Aldundiak gidatuko lukeena. “Mahaiaren sorrera blokeo egoera hau gainditzeko beharrezkoa dugu”.

