Nestor Basterretxearen inguruko erakusketa bat inauguratuko dute
Artistak Hondarribiarekin zuen harremana irudikatuko du erakusketak. Berak egindako eta inoiz erakutsi ez diren hainbat pieza ikusi ahalko dira, eta garrantzi handia izango dute Euskal Jaiek bertan.
Aurreko urtean 100 urte egin ziren Nestor Basterretxea jaio zela. Hori aitzaki moduan hartuz, zine forum bat antolatu zuen Hondarribiko Udalak. Bere azken 50 urteak Hondarribian pasa zituen, eta herriarekin harreman estua sortu zuen. Herriko eragileekin elkarlanean hainbat lan ondu zituen artistak, eta herrian zehar bere hainbat obra, kopuru txikia batzuen ustez, ikusi daitezke. Basterretxea Hondarribian erakusketa inauguratuko dute gaur, Hondarribiko Euskal Jaien barnean. Eskultoreak herriarekin zuen harremana irudikatzen duen erakusketa izango da, eta abenduaren 10era arte egongo da irekia, Arma Plazan. Bertan, inoiz erakutsi ez diren pieza batzuk izango dira. Gaur egingo dute inaugurazioa, 19:00etan.
Fernando Golvanok komisariatuko du erakusketa. “Basterretxeak ibilaldi handia zuen jada Hondarribira etorri zenean, baina hemen beste ikuspegi bat hartu zuen, agian esan dezakegu euskarara eta euskal kulturara gehiago hurbiltzen zen ikuspegi bat”, azaldu du Golvanok. 1970. urtean iritsi zen Basterretxea Hondarribira, Irungo Iparralde etorbideko tailerra, Oteizarekin batera partekatzen zuena, atzean utzi zuenean. “Hondarribin zegoela, ideia argi bat zeukan: euskal kultura popularraren ikur imajinarioak berritzea, eta hartatik, berriak sortzea. Ikur abstraktuak, kultura eta identitate horrekin harremanduak zeudenak sortzen hasi zen”, azaldu du komisarioak. Ideia horietatik atera zen Euskal serie komogonikoa, besteak beste. Hasieran, Villa Amparo etxean egon zen Basterretxea, baina aurrerago, familiarekin batera Idurmendieta baserrira mugitu zen.
Erakusketan hainbat gauza ikus daitezke. Hala nola, Basterretxeak Zeria jatetxerako sortu zituen plano batzuk agertzen dira, lehenago ez direnak inoiz erakutsi. Baita ere, 1960. urteko Hondarribiko jaietako kartela, artistak berak diseinatutakoa. Badira alabastroan egindako eskulturak, arkitektura munduan Basterretxeak egindako lanak, hainbat jaietako programak, eta baita ere egurrez egindako eskulturak. Erakusketa proiekzio batekin laguntzen da, Basterretxeak grabatutakoak eta bere biloba Telmo Basterretxeak berreskuratu dituenak.
“Gutxi arakatutako garaiak”
Familiarentzat garrantzitsua da Basterretxeak Hondarribirekin zuen lotura irudikatzea, “ez baita asko arakatu den zerbait” izan. “Harritzekoa da nola herri hontan izandako garai horiek ez diren hain ikusgarriak izan, ez diren hainbeste erakutsi, aitonak hemen 50 urte inguru igaro zituen eta”, azaldu du Telmo Basterretxeak. Omenaldi moduan ulertzen dute familiako kideek erakusketa; Basterrtxearen beste nortasun bat, zahartzaroan sartutakoa, eta bere hainbat lan berri erakusteko aukera.
Euskal Jaiekin harreman zuzena izan zuen Basterretxeak. 1975eko Hondarribiko Euskal Jaietako kartela eta bantutako saria berak egin zituen, eta presentzia handia izan zuen urte hartan. “Arte eta kultura egitasmo handia izan zen urte hartakoa, eta oihartzun handia izan zuen Euskal Herri osoan zehar”, azaldu du Ortzi Alonso Kultur zinegotziak. Euskal Jaiei lotua dagoen sail bat aurkituko du erakusketara bertaratutako orok.
Telmo Basterretxeak esan moduan, gutxi arakatu den etapa da Basterretxeak Hondarribian emandakoa, eta horrenbestez, sakonago jorratuko du hurrengo asteetan Oarso Bidasoko Hitzak.

