Aurrekontu parte hartzaileak egingo dituzte 2026ra begira
Herritarrek 200.000 euroko partida bat nola bideratuko luketen proposatu ahalko dute, eta proposamen egokienak bozketara aterako dira ondoren.
Herritarrak udal politikaren erdigunean jartzeko asmoak sustatuta, 2026ko aurrekontu parte hartzaileak aurkeztu ditu gaur Hondarribiko Udalak. Herritarrek 200.000 eurorainoko partida bat nola erabiliko luketen adierazteko aukera izango dute, prozesu parte hartzailea bere osotasunean emanez. “Hondarribiarrek merezi dute euren ahotsa entzutea eta erabaki publikoetan eragiteko aukera izatea. Gure hiria guztion artean eraikitzen da”, azaldu du Igor Enparan alkateak. Azaroaren 17tik 26ra irekiko dute iruzkinak egiteko epea, BAZ bidez edo online, udaleko web ataritik.
Alkatearen ustez, hainbat helburu ditu aurrekontu parte hartzaileak: “Prozesu honen xedeak herritarren eta udalaren arteko harremanak sendotzea, gardentasuna indartzea eta herritarra erabaki publikoen erdigunean jartzeak dira. Agintaldia hasi genuenetik hartu dugun norabidea indartzen jarraitzen dugu: udal jarduera irekiagoa, parte hartzaileagoa eta lankidetzan oinarritutakoa”. Udaleko lau alderdi politikoek elkarlanean jardungo dute egitasmoa aurrera eramateko. Ez da lehenengo aldia aurrekontu parte hartzaileak egiten direnik, 2022. urtean, EAJren gobernuan, egin ziren eta. “Lehenagotik egin ziren, baina ez horrelako formatuan. Orain prozesu guztia eskainiko diegu herritarrei”.
Prozesu osoa gardentasunez eta fidagarritasunez eraikitzen dela bermatzeko, Berme taldea osatu du udalak. Talde hori lau udal taldeek osatuko dute, ordezkarien bidez, eta baita ere udal teknikariek. “Haien zeregina izango da prozesuaren garapena gainbegiratzea eta fase bakoitzean erabakiak hartzea, betiere irizpide tekniko eta parekatuetan oinarrituta”, adierazi du Garoa Lekuona Euskara zinegotziak. Herritarren proposamenak jasotzerakoan, udal teknikariek iragazi egingo dituzte, proposamen bakoitzaren bideragarritasuna aztertuz. “Berme taldean jada irizpide batzuk jarri ditugu, eta horiek lehenetsi egingo ditugu, ondoren bozketara pasatzeko”.
Hiru irizpide
Lehenengo bi irizpideak azaldu ditu Aitzol Arroyo zinegotziak: hiriaren nortasuna egonkortzea helburu izatea eta hondarribiarren bizi kalitatea hobetzea (osasunari, irisgarritasunari eta mugikortasunari lotuak, besteak beste). Josu Alvarez zinegotziak gehitu du hirugarrena: “Onura komunitarioa sortzea: herri, auzo edo kolektibo zehatz bati zuzendurik, hala nola, adinekoei, gazteei eta auzo bati”.
Azaroaren 26an proposamen fasea bukatzen denean azterketa teknikoarena hasiko dute. Ondoren, otsailean zehar bozketa fasea egingo dute, non 16 urtetik gorako hondarribiar guztiek parte hartu ahal izango dute. Bozketa horretan erabakitako proiektuak 2026. urtean zehar egingo dira.

