Iratxe Sorzabalek bere tortura auzia berriro irekitzeko eskatu du
2001. urtean jarri zuen salaketa Epainiako Auzitegi Nazionaleko 13. epaitegian, baina epaileak artxibatu egin zuen.
Iratxe Sorzabal, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Iratxe Sorzabal preso irundarrak 2001. urtean torturak jasan zituen, Guardia Zibilaren eskuetatik. Hori baliatuz, maiatzean 1995. urteko atentatu baten kasutik absolbitu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, “tratu gizagabea” jasan zuela aitortuta. Orain, horren harira erabaki bat hartu du Sorzabalek: torturak eragin zizkioten Guardia Zibilen aurkako kasua berriro irekitzeko eskaera aurkeztea. Inkomunikatuta zegoela, elektrodoekin torturatu zuten Sorzabal, eta momentu hartan hainbat atentatuetan bere inplikazioa aitortu zuen. Aitorpen hori baliogabetu du aurten Auzitegi Nazionalak, esan bezala, “tratu gizagabea” jasan zuelako.
Maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia ikusita, “historikotzat” deskribatu zuen Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak Sorzabalen kasua, eta adierazi zuen, “egiaren eta justiziaren” alde egingo zutela. GEBehatokiak, Egiari Zor-ek eta Aiert Larrartek, Sorzabalen abokatuak, iragarri zuten kasu honen aurrean neurriak hartzen hasiko zirela, eta orain egindako eskaera da neurri horien lehen pausoa.
2001. urtean Sorzabalek salaketa bat jarri zuen torturatu zioten Guardia Zibilen aurka, gertatutakoa argitzeko asmoarekin. Hernanin atxilotu zuten Sorzabal 2001. urtean, eta Madrilera eraman zuten. Bidean poltsa bat jarri eta kolpeak eman zizkioten, eta Madrilen jada, polizia etxean, torturekin jarraitu zuten. Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenori eman zion torturen berri, eta auzitegi horretako 13. epaitegian jarri zuen salaketa. Salaketaren auzia epaileak artxibatu egin zuen, deliturik egon izanaren frogarik ez zegoelakoan.
Larunbatean, elkartasun argazkia
Sorzabali babesa emateko asmoarekin, elkarretaratze eta argazki bat antolatu dute Iratxeren Bidasoaldeko Lagunen izenean. Larunbatean izango da, Peña kaleko eskaileretan, Kabigorri ondoan, 13:00etan. Deialdia zabaltzeaz gain, adierazi dute jakitun direla “pertsonalki ze trantze gogorrean sartzea suposatuko dion berriro Iratxeri” auzia berriro irekitzeak, eta horregatik egingo dute argazkia.

