Gaintxurizketa atzean utzi, eta 11. kilometrora begira jarri dira
Lasterketaren erdira iristeko desirarekin, azkar batean jaitsi dute askok Gaintxurizketa, Lanbarren, Makarraztegi eta Lintzirin atzean utzita.
Korrikalariak, Lanbarrenetik barrena. Hogeita bi kilometro ditu Behobia-Donostia lasterketak, apur bat gehiago Irungo Landetxa auzoko obrak direla eta. Gaintxurizketa igo ondoren, Errenteria aldera jaisten hasi dira korrikalariak, Oiartzungo lurretatik. 11. kilometroa Gabierrota auzoan dago, Errenterian, baina bertara iritsi baino lehen, Lanbarren, Makarraztegi eta Lintzirin pasa dituzte korrikalariek.
Makarraztegin ura banatu dute lasterketako boluntarioek, eta askorentzat, Gaintxurizketa igo eta jaistearen saria izan da. Hortik, aurrera jarraitu dute, Donostia buruan, baina Errenteria aurrean.

