"Palestina askatu" esango dute Katea auzoan, Behobia-Donostian
10:00etatik errepide ertzean izango dira auzotarrak eta hala nahi duten guztiak, Palestinako herria Behobia-Donostian ere babesteko.
Katea-Landetxako bizilagunak, aurretik egindako mobilizazio bateko artxiboko irudian. Katea-Landetxa auzoko bizilagunek, egunero egiten duten bezala, Palestinako herriaren aldarria bihar ere kalera aterako dute. Zehazki, errepide ertzera. Izan ere, bihar (hilak 9, igandea) egingo den Behobia-Donostia lasterketaren harira kazerolada berezia egingo dute 10:00etan hasita. Landetxakoekin jada bat egin dutenen artean Irun Palestina taldeko kideak daude. Herritarrei hara joateko deia egin diete, “korrika elkartasunera, Palestina askatu”, esan dute Katea-Landetxako bizilagunek.
Auzokideek oroitarazi dute bihar ere bai, baina 12:00etan hasita, Harresien Aurkako Eguna antolatu dutela hainbat eragilek Santiago zubian. Irungo Harrera Sarea, BDZk eta beste zenbait eragilek bat egin dute egunarekin.

