Inoizko aurrekontu proiektu handiena aurkeztu du Irungo Udalak
105,5 milioiko aurrekontu proiektua aurkeztu du Irungo Udalak. 20 eguneko epea dute udal taldeek haien zuzenketak aurkezteko.
Irungo Udalak 2026ko udal aurrekontuen proiektua aurkeztu du. 105 ,5 milioi eurokoa da aurkeztutako proiektua, aurreko ekitaldia baino %7,6 handiagoa. Orain, beste udal taldeek 20 eguneko epea dute haien zuzenketak aurkezteko.
Lehen aldiz gainditu dute 100 milioiko langa. Cristina Laborda Irungo alkateak azpimarratu duenez, 2026ko aurrekontuak “Irungo Udalak gai garrantzitsuenekin duen konpromisoa islatzen du”. Bere ustez, Irun hiritarren bizikidetza, gizarte-kohesio eta ongizatea bermatzen dituen hiria da.” Kudeaketa onari esker kopuru historikoa lortzeaz gain, gure bizilagunen egunerokotasuna hobetzen duten eremuak lehenesten ditugu, inor atzean utzi gabe eta Irun hiri zaindua eta segurua izaten jarraitzeko premisarekin”, adierazi du alkateak.
Hainbat arlotaz mintzatu dira aurkezpenean. Haietako bat segurtasuna izan da. “Hazkunderik handiena izan duten arloen artean Herritarren Segurtasuna eta Bizikidetza nabarmentzen da, batez ere Udaltzaingoko langile gehiago hartzeagatik eta horri lotutako gastu arruntaren hazkundeagatik”, azaldu du udalak ohar bidez. Zehazki, Segurtasun eta Bizikidetza arloaren aurrekontua %11 handitzea proposatu du Udal gobernuak, hau da, milioi bat gehiagoko igoera. “Horrela, hamar eurotik bat lehentasunezko jotzen den eta herritarren eskaera nagusietako bat den arlo horretara bideratzen da, Partaidetzazko Aurrekontuen duela gutxiko prozesuan baieztatu den bezala “, adierazi du Labordak.
Gizarte Ongizatearen arloan %9,3ko igoera proposatu dute. “Horrek bermatzen du adinekoentzako zerbitzuak kalitate berarekin ematen jarraituko dela, orain arte bezala”, adierazi du udalak. Adinekoak ardatz dituzten politikak eta jarduerak bultzatzea helburu duen aurrekontua da, “adinekoentzako lokaletatik hasita, Lapitzen espazio berri bat sortuz, eta ikuspegi sozial batean oinarrituta”.
Inbertsio “handiak”
Aurrekontuek, halaber, hirian bigarren hezkuntzako ikasleentzat osasun mentaleko programak antolatzen jarraitzeko partida bat jasotzen dute, eta gai horretan bereziki sentsibilizatuta dago udala. Irunek etxebizitza publikoaren alde egiten duen apustua ere azpimarratu dute.
Inbertsioei dagokienez, 4,1 milioi euroko partida nabarmendu dute, “Irunbus hiriko autobus flota osoarentzako bi kotxetegi-pabiloi erosi eta egokitzeko bideratuko direnak”. Bestalde, aurretik hartutako konpromisoei jarraipena ematen dieten inbertsioen artean, honako hauek nabarmendu dituzte: Artiako Belartzako aparkalekua (1,4 milioi euro), Anakako “villak” birgaitzea, Arbesko Egoitza Gunera sartzeko bidea urbanizatzea, Dunboako kanala birnaturalizatzea eta Kateako Elizatxo hiribidea urbanizatzeko 1. fasea. “Hiriko hainbat puntutan banatutako inbertsioak dira, udal honek auzoetan duen konpromisoa erakusten dutenak”.
Aisialdiaz ere mintzatu dira. “Irunek ekitaldien hiri gisa posizionatzen jarraitzen du, eta hori udal gobernuaren ardatz estrategikoetako bat da”, azaldu du udalak. Kirol ekitaldi berezi bezala, aurrekontuak, Europako OCR txapelketarako partida bat aurreikusita du.

