Parekidetasunera iristeko urratsak
Begoña Zuñiga irundarrak irabazi zuen emakumeen lehen Behobia-Donostia, 1979an. Orduko hartan, 1.000 inguru partaidetatik hamar baino gutxiago izan ziren emakumeak. Etzi 9.500 bat izango dira.
Begoña Zuñiga irundarrak irabazi zuen emakumeen lehen Behobia-Donostia lasterketa. 1979an izan zuten emakumeek estreinakoz aukera kategoria propioarekin parte hartzeko, eta horretan, Gipuzkoako emakumeen atletismoaren aitzindarietakoa izan zen Zuñigarentzat izan zen garaipena. 1981ean eta 1987an ere irabazi zuen karrera entzutetsua. Hark Hitza-ri 2018an emandako elkarrizketan 1979ko edizio hartan zenbat emakumek parte hartu zuten esan zuen: «1.000 bat partaidetik hamar baino gutxiago izan ginela esango nuke». Aurten 9.500 inguru izango dira.
Behobia-Donostiako antolakuntzak partaideen zenbatekoan parekidetasuna izateko 50/50/25 proiektua jarri zuen martxan 2018an; helburua, 2025eko edizioan, aurtengoan alegia, emakumeen eta gizonen zenbatekoa %50ekoa izatea. Etzi Behobiako irteeran izango direnen artean, ordea, %33,8 izango dira emakume. Edonola ere, antolakuntzak adierazi du proiektu hori bukatutzat eman arren, emakume gehiago erakartzeko zereginean jarraituko dutela.
%50eko helburua ez lortu arren, gorantz doa emakumeen partaidetza Behobian. Fortuna KE antolatzaileak emandako datuen arabera, 1999an %9,5 izan ziren proban parte hartu zuten emakumeak; 2009an, %14,5; 2019an, %25,8; eta iaz %31,5. Gorakadaren arrazoiak: berez emakumeak ematen ari diren aurrera urratsez gaindi (Oarsoaldeko eta Bidasoko herrietan emakumeen hainbat korrikalari talde daude), Gipuzkoan eta kanpoan emakumeen entrenamendurako taldeak sortu dituzte, Biziki egitasmoaren barrukoak: Hondarribian, Irunen, Errenteria-Oreretan eta Pasaian daude Behobiaren testuinguruan sortutako talde horiek. Bidasoa Atletiko Taldea (BAT) da egitasmo horren bultzatzaile.
Ikusgarritasuna
Kopuruan gora, baina baita ikusgarritasunean ere. Antolatzaileek hainbat neurri hartu dituzte lasterketan emakumeak ikusgarriago izateko. Adibidez, eliteko emakumeek euren irteera propioa dute; erbien erdia emakume dira; eta lasterketaren eduki guztietan (webgunea, sare sozialak, aldizkaria…) parekidetasun irizpidea ezarrita dago.
Urri hasieran Donostiako Hiru Hondartzak 10 kilometroko lasterketan (4.000 partaidekoa) %53 izan ziren emakume; eta urriaren 26ko Donostiako 15 Kilometroko Klasikoaren barruko bost kilometrokoan %67. Datu horien arabera, errepideetan geroz eta emakume gehiago ari dira kirolaz eta lehiaz gozatzen; orain, distantzia luzeagoetarako jauzia egiten ari dira apurka. ■

