28.213 kide, 60.000 ikusle, 20.196 metro
Etzi izango den Behobia-Donostia lasterketaren 60. ekitaldian 28.213 kidek dute izena emana, 1.319 Oarso-Bidasokoak.
Herri lasterketa asko izaten dira urtean zehar han eta hemen. Oarsoaldean eta Hondarribian nahiz Irunen egiten direnak asko dira, batzuk jendetsuak eta besteak txikixeagoak. Behobia-Donostiak, baina, baditu berezi izateko arrazoi asko. Hasteko eta behin, Oarsoaldeko eta Bidasoko errepideak zapaltzen urte gehien daraman karrera da, aurtengoa 60. edizioa izango delako. Bestetik, hain da jendetsua, ikusleen arreta pizteko gaitasun izugarria duela. Behobia-Donostiaren antolatzaile den Fortuna Kirol Elkarteak jakinarazi duenez, 60.000tik gora ikusle izaten dira Irun eta Donostia arteko errepide ertzetan.
Ikusle horietatik asko eta asko bertakoak izango dira. Lasterketaren 20.196 metroko ibilbidearen %75 (hasieratik 15. kilometrora arte) Irundik, Lezotik, Oiartzundik, Errenteria-Oreretatik eta Pasaiatik pasatzen baita. Trintxerpeko Escalerillas pasata sartzen da aurten ere milaka partaide izango dituen lasterketa. Fortunak zehaztu duenez korrikalariak 27.981 izango dira, era bateko edo besteko desgaitasunak dituztenak 65 haiek 14 laguntzailerekin (handbike kirolariak, itsuak…), eta patinatzaile edo rollerrak 153. Denen artean 28.213 kideko familia osatuko dute igandean, ikusleen gozamenerako.
Horietatik denek, den-denek, helburu bat izango dute. Asko izango dira marka ona egin nahi dutenak; beste batzuk lehen aldiz aterako dira Behobian, eta lasterketa erraldoiaren zirrara ezagutu nahiko dute; badira urte askotan atera, eta besterik gabe lasterketaz beste behin gozatu besterik egin nahi ez dutenak; ordularirik eta kronometrorik gabe ere asko irtengo dira Behobiatik, lasterka egitearen gozamen hutsa xede.
Partaideetan muga
Ia 28.000 korrikalarik dute izena emana 2025eko Behobian. Izan dira askoz lasterkari gehiago bildu diren urteak; esaterako, 2015eko ekitaldian 34.000 lagun bildu ziren, eta 2019koan 33.379. Iaz eta aurten, baina, muga beherago jarri dute antolatzaileek; izan ere, oraindik Adif lanak egiten ari da Renfek erabiltzen duen trenbidean, eta korrikalariak Irun aldera trenez ganoraz eramateko arazoak aurreikusita, partaideen muga iaz bezalakoa izatea deliberatu dute.
Gainera, ibilbidea iazkoa izango da, 20 kilometro pasatxokoa (20.196 metrokoa). Irungo Katea auzoko zubi edo trenbideen gaineko pasabidea bota zuten, eta oraindik ez dago erabilgarri horren ordezko bidea. Beraz, Katea auzotik Letxunborroko errepidera egingo du jauzi aurten berriro lasterketak, 196 metro gehigarri erantsiz berez gorabeheratsua den probari.
Hitza-k, lasterketaren informazio praktikoa emateaz gainera, igandean lasterketan izango direnentzat (edo kirolean dabiltzanentzat) hainbat aholku edo ekarpen egi nahi izan ditu orriotan. Hainbat profesionalekin izan da kirolariek beharrezko dituzten hainbat alorren gaineko informazioa emateko.

