Zumardikoak elkarteak poteo-txaranga antolatu du larunbaterako
Eguerdiko 12:00etan hasiko da poteo-txaranga. Damarri plazatik abiatuko da eta Oiasso txaranga izango da poteoa girotzeko arduraduna.
Larunbat honetarako poteo-txaranga “alaia” antolatu du Hondarribiko Zumardikoak elkarteak. Eguerdiko 12:00etatik aurrera Oiasso txaranga izango da poteoa girotzeko arduraduna. Batzokiaren parean elkartuko dira eta txarangaren laguntzarekin Alde Zaharra, alderik alde zeharkatuko dute.
Damarri plazatik kale nagusian gora egingo dute, denda kaletik igaroko dira ondoren, eta Gipuzkoa plazan, Arma plazan eta Obispo plazan egingo dituzte geldialdiak. Era horretan, Batzokian, Datontzat Gastrotekan, Badia tabernan, Mikan eta Tatapas Gastrotekan poteak hartzeko aukera egongo dute.
Ibilbidea egin ondoren, parte hartzaileek Batzokian bazkalduko dute. Jai giroak, ordea, ez du etenaldirik izango, arratsaldean ere Oiasso Txarangak giroa alaitzen jarraituko duelako.

