Trenaren Gaintxurizketako tuneleko lanak bukatu dituzte
Ostiraletik (hilaren 7tik) trenen maiztasuna handituko da. Zortzi urtez trenbide bakarra izan da martxan tunelean.
Gaintxurizketako tunel berrituaren irudia.Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarri Ministerioa Zortzi urteko lanen ondoren, Adifek bukatu ditu Gaintxurizketako trenaren tuneleko lanak. Hala, Renferen trenen zerbitzuek maiztasun handiagoa izango dute bihartik (hilak 7, ostirala) aurrera, nahiz eta garai bateko ordutegien maiztasuna guztiz berreskuratuko ez den; urtebete barru-edo aurreikusi du Espainiako Gobernuaren Garraio eta Mugikortasun Jasangarri Ministerioak leheneratuko dela tren zerbitzuaren maiztasuna. Azken zortzi urteetan bide bakarra zuten trenek tuneletik pasatzeko; bihartik, bi burdinbideak izango dira martxan.
Lan horiek AHTaren hirugarren bidea egiteko izan dira. Eragin zuzena izan dute batez ere aldiriko tren zerbitzuen erabiltzaileen artean, maiz eteteak, atzerapenak eta bestelako intzidentziak izan direlako. Hala, Lezo-Irun bidean batez ere izan diren gertakari horiek neurri batean bukatuko direla jakinarazi du Espainiako Gobernuko ministerio horrek. Hala ere, ohar bat helarazi du: Renferen ordutegien zerrendan agertzen den Brinkolako noranzkako lehen trena ez da aterako, horren ordez autobusak jarriko dituzte. Bestelakoan, trenen maiztasuna handituko dela iragarri dute.
Ordutegi berriak zein diren jakiteko, joan Renferen webgunera.

