Izapideak egiteko hiru makina ezarri ditu udalak
Administrazioa herriarengana hurbiltzeko eta "egungo bizitza erritmoari eta beharrei erantzuteko" helburua dute makinek. Kiroldegian, udaletxean eta Mendelu auzoko Stanley eraikinean (aurki) ezarriko dituzte.
Administrazioa herriarengana hurbiltzeko eta “egungo bizitza erritmoari eta beharrei erantzuteko” asmoz, hiru makina berri ezarri ditu udalak. Izan ere, bulego orduetan udaletxera joatea ez dela beti erraza izaten azaldu du Igor Enparan alkateak, eta horien bidez herritarrek izapideak “beren erritmora, ilara luzerik gabe eta bulegoen menpe” egin ahal izango dituztela gaineratu du.
Makina horien bidez, herritarrek modu bizkorrean, autonomoan eta bulego orduetatik kanpo egin ahal izango dituzte hurrengo izapideak: Erroldako agiri ofizialak inprimatu, erregistro elektronikoak egin, ordainagiriak eta isunen ordainagiriak inprimatu, ordainagiriak zuzenean ordaindu eta auditoriumeko sarrerak erosi.
Hala eta guztiz ere, makinek ez dutela arreta pertsonala ordezkatuko zehaztu du alkateak. “Gure bulegoetako ateak zabalik jarraituko dute, baina makinak osagarri baliagarri bat dira. Udalak herritar guztien beharretara egokitu nahi du”.
Makinak kiroldegian, udaletxean eta Mendelu auzoko Stanley eraikinean (aurki) ezarriko dituzte. Kiroldegian astelehenetik ostiralera 07:30etik 22:00etara, larunbatertan 08:00etatik 21:00etara eta igande eta jai egunetan 08:00etarik 20:00etara izango da erabilgarri. Eta udaletxean egunero 08:00etatik 21:00etara.
Hirugarren makina Stanley eraikinean ezarriko dute eraberritze lanak amaitzerakoan. Udalak hil honetan bertan erabilgarri izango dela aurreikusi du.

