Eneritz Furyak etxean emango du kontzertua
Larunbatean CBAko areto berrian izango da irundarra, Hatxerekin batera, 21:00etatik aurrera.
Irailean ireki zuten CBA areto berrian, Irun Zuzenean jaialdiarekin. Hainbat kontzertu eman dituzte, baina programazioak ez du etenik. Larunbatean, hilak 8, beste kontzertu bat izango da bertan. Eneritz Furyak musikari irundarrak etxean joko du, Idoia Hernandez Hatxe-rekin batera. Sarrerak jada salgai daude, Luis Marianoko turismo bulegoan, Amaia KZko txarteldegian edo CBA bertan, 5,5 eurotara. 21:00etan hasiko da kontzertua.
Lehenagotik hainbat taldetan ibili ondoren, 2017. urtean kaleratu zuen Furyak bere lehen bakarkako diskoa. Harrezkeroztik, beste hainbat lan atera ditu, HHH izanez azkenekoa. Sintetizadorearekin doinu elektronikoak sortu eta haren ukituak ematen dizkio, hitz leunekin uztartuz. Lehenagotik, Hatxerekin kolaboratu izan du irundarrak, hala nola, HHH diskoko Begiztan abestian.
Hatxek, Furyak bezala, 2017. urtean kaleratu zuen bere lehen lana: Lehena. Pianoarekin bete zituen abestiak, eta gutxi batzuetan, Peru Galbeteren ahotsarekin. Konpositorea da Hatxe, eta gutxinaka hitzak gehitzen joan da, baina musikari eta haren egiturari protagonismoa kendu gabe. Bere azken lana, Panpin hautsien dantza 2 baxu soinu elektronikoagoekin osatu du, 202ean Peru Galbete (ahotsa), Jurdana Otxoa (biolina) eta Ilargi Agirre (bateria) lagunekin batera kaleratutako Panpin hautsien dantza lanari jarraituta.

